Mende askotan, Euskal Herriko klanak bi bando handitan banaturik egon ziren: oinaztarrak eta ganboatarrak, eta horien arteko etengabeko gerrek Herria zatitu eta beldurra eragin zuten, nekazarien artean.
Lope García Salazarrek, bandokide horietako batek, liburu batzuk idatzi zituen XV: mendean, eta horiei “Las Bienandanzas e Fortunas” izena eman zien; liburuotan bandoen gerrei buruzko gertaera asko kontatzen ditu. Autore horrek, segurutik herri-tradiziotik jasota, Araba eta Gipuzkoa Nafarroako Erreinuarenak izan zireneko garaian kokatzen du gerra horien jatorria; garai horretan, lurra “Ermandadeek” gobernatzen zuten. Autore horrek dioenez, Ermandade guztiak maiatzaren lehenean bildu ziren, urtero bezala, euren kofradiak egiteko; argizarizko kandela handiak (100 edo 150 kilokoak), eliza batzuetara. Eztabaida sortu zen, batzuk bizkarrean eta beste batzuk besapean eraman nahi zituztelako. Nahastea gero eta handiagoa izan zen, iskanbilara iritsi arte; lehenengoek “bizkarrean (“ganboan”) eraman behar zirela zioten, eta beste batzuk “oinez” eraman behar zirela. Eztabaida gogorra izan zen, borrokan egin eta jende asko hil zen.
Julio Caro Barojaren ustez “segurutik zatiketa bi leinu handik jatorrian izandako elkarrekiko gorrotoak eragin zuen. Horietako bat Mendozatarrena izan zen (Arabako konderria nahasita zebilen garai batean), eta badirudi hori Gaztelaren aldekoa izan zela, eta beste bat Guevaratarrena izan zen, Nafarroaren aldekoagoa”.
Bizkaian bandoekiko atxikipena berandu gertatu zen, Butroetarrek eta Avendañotarrek euren burua oinaztatzat eta ganboatartzat hartu zutenean, hurrenez hurren. Bizkaian, agian berandutze horren eraginez, borrokak Euskal Herriko gainerako lurraldeetan baino luzaroago mantendu ziren.
XV. mendean nekazariek eta Ermandadeek, Ahaide Nagusien gehiegikerien eta bidegabekerien beldur (horiek gatazkak mantentzeko interesa baitzuten), Enrike IV.arengana jo zuten laguntza eske. Erregeak dorre asko bota eta erre zituen, edo euren gerrarako elementurik gabe utzi zituen. Errege Katolikoen erregetzaren eta horiek agindutako neurrien ondorioz (Ahaide Nagusien ahalmena guztiz murriztu, Ermandadeak sustatu eta herri nahiz hiribilduetan ordenantza berriak eman, Ahaide Nagusien “ahotsari eta abizenari” ez jarraitzeko); bandokideak eta horien gotorlekuak desagertu egin ziren ziren behin betiko (Fernando Katolikoak, 1498an, Bizkaian dorretxe gehiago eraikitzeko debekua ezarri zuen). Azken gatazka armatu garrantzitsuak, bestalde, Komunitateen Gerra baino apur bat lehenago gertatu ziren.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.