Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Zerbitzu eta azpiegitura-arkitektura » Kaltzadak eta Zubiak

Busturialdeako udalerri batzuk, kokapenagatik, oso harreman estua dute itsasoarekin. Beste batzuk, berriz, geografikoki urrunago eta itsaso-mailatik metro askotara daude. Edozein kasutan ere, udalerriko auzoen artean zein aldameneko udalerrien artean harremanak emateko joera denek izan dute. Are gehiago, kostaldeko herriak, Bermeo batez ere, Iberiako penintsulako lautadarekin komertzioa sortu zuen. Bermeotik arraina zihoan barnealderantz eta lautadatik kostaldera ardoa sartzen zen. Hau Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea da. Honelako harremanak sortzeko galtzadak moduan ezagunak diren garraio-bideak eraiki beharra egon da, geroago, gaur egun, errepideak eta bestelako komunikabideak izango direnak. Geurean bezalako hain orografia malkartsuan irudimen izugarria erabil behar zen ibaiak, itsasadarrak, haranak… gainditzeko eta horretarako ezinbestekoa zen zubiak eta biaduktuak eraikitzea; horietako batzuk balio historiko-kultural handia dute. Galtzaden eta zubien gainean hitz egingo da atal honetan.

Zoru zabaleko enkantxozko (harlauzaduna zein galtzada-harrizkoa) galtzadak ibilgailuen komunikazio-bide nagusia izan da Jaurerrian gaur egunera arte, asfaltodun bideak nagusitu diren garai honetara arte.

Herri-tradizioaren arabera erromatarren garaian edo Erdi Aroan eraikita daudela esaten bada ere, aipatu behar da euren ibilbidea biderik antzinakoarenarekin bat egin arren ere oso gutxi direla XVII. mendean baino lehenago eraikitakoak. Sarritan, eurek eraikitzea bi faktoreren araberakoa da. Alde batetik, komertzio-trafikoaren suspertzea, Borboi ilustratuek azpiegitura-lan garrantzitsu ugarirekin bultzatu zutena. Bestetik, XVIII. mendean zehar landa-guneek ezagutu zuten aldeko koiuntura, euren baliabideen zati bat guztion zerbitzuak zirenak hobetzeko aukera baimendu ziena.

Etxebarriatxu inguruko galtzada-tartea
Galtzada Maumen (Muxika). Hiribildua bere
auzoetako batekin lotzen zuen. Bere zabalera
harri-harlauzen bidez mugatzen zen. Tartean,
gaur egun galduta dagoen enkantxozko zorua
zeukan.

Ekimen ofizialaren fruitua Erret-Bideen sarea izan zen.

Garai batean eskualdean zehar zihoazen bideak apurka-apurka ezabatzen joan dira. Biderik erabilienak bi izan behar zuten: bata, Urdaibaiko itsasadarraren ezkerraldean zehar zihoana eta, bestea, Ipar-Hego norabidearekin, Bermeo eta Bilbo artean, Sollube eta Mungiatik zihoana.

Oraindik orain bi bide horien aztarnak badaude. Sollubekoaren, XVIII. mendekoaren, bidetik 100 bat metro geratzen dira oraindik. Berau, gaur egungo errepidearen Ekialdera dago. Itsasadarrekoa, denborarekin, errepideak eta Amorebieta-Bermeo trenbideak ordezkatu zuten.

1884n, Iturrizak Historia General de Bizkaia bere lanean dioenaren arabera Gernika-Lumoko Hiribilduan zehar hiru bide zihoazen: bata Bermeora zihoana, bitan banandu eta Lekeitioraino zihoana, eta Amorebieta-Etxanoraino heltzen zena. Gainera, Errigoitirekin bat egingo zuen errepidea eraikitzeko asmoa zegoen.

Hiribildu honetan jendea paseatzen ibiltzeko oso ondo zaindutako bi herri-bide zeuden. Gernikatik Bilbora zihoana, Paseo de los Chopos (Makalen Bidea) moduan ezaguna zena. Pasealekuan egindako lanen ondorioz berriztatu egin zuten. Beste bidea, Paseo de las Delicias deiturikoa, Bermeorantz zihoan eta Foruako elizateraino heltzen zen.

Etxebarriatxu inguruko galtzada-tartea
Etxebarriatxu inguruko galtzada-tartea,
Urdaibaiko Galtzagorriak aintzat hartutako
txakolina egiteko mahats-parren azpian
kokatuta dagoena.

Landa-auzo desberdinak elkarrekin edo euren elizateen erdigunearekin lotzen dituzten erabilpen publikoko bideak askozaz ere ohikoagoak dira. Batzuen aztarna ehunka metrotan jarrai daiteke lur-jauziek estali edo errepide modernoek mozten duten arte. Horien inguruan ez dago tipologia bakarra. Hala ere, bere mugak harlauza lodiz adierazita egoten dira gehienetan Zorua, berriz, apur bat konkortuta egotea eta ur-harri txikiz osatuta izatea ohikoena da. Kanaldun arekekin mugatuta dago eta ibilbidea aldika zeharka mozten duten estolderia erakusten dute. Zorua karrejuen bidez antola daiteke, kaleetan, hormatal-eran edota, arraroagoa bada ere, arrain-hezur eran.

Busturiako Axpe auzoan, Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioak berreskuratu eta aintzat hartutako mahats-parren azpian, eta San Bartolome auzoan, Ramona Jatetxearen ostean, galtzada-tarteak ikus daitezke. Hortik, Erret-Bidea, eta Ardoaren eta Arrainaren Bidea zeharkatzen dute.

Nabarnizen ere badago galtzadarik. PR BI 174 ibilbidea doa hortik.

Busturialderen inguruan Astaburuko galtzada dugu Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz udalerrian. Erdi Aroko antzinako galtzada honek, Oizko mazizoan zehar, Durangoko eta Lekeitioko Hiribilduak lotzen zituen Gerrikaitzgo Hiribilduari esker. Galtzada honek Gerrikaitzgo Hiribildua zeharkatu eta bitan banatzen zuen. Hiribilduaren enparantzaren aurrean zegoen Portale Erdikoa deitutako atetik sartu egiten zen. Galtzada hau aspaldikoa da, Hiribilduaren sorreraren herri-gutunean Durangora eta Lekeitiora zihoazen mandazainak Hiribildua sortu zen bidearen ondotik pasatzera derrigortu egiten baitziren. Oraindik orain, ertzetan tamaina handiko harriak eta erdigunean Erdi Aroko eta txikiak dituzten harridun tarteak ikus daitezke.

Bide hauen oinarrizko adibideen artean Maumeko Ataria (Muxika) dugu. Durango-Lekeitio galtzadak zeharkatzen zuen mendi-lepoa da eta galtzada hori Gerrikaitzgo 1366ko herri-gutunean aipatuta dago.

Gernika eta Lumo elkartzen duen galtzada
Gernika eta Lumo elkartzen
duen galtzada zaharraren tarte
bat. Hemendik PR BI 173
ibilbidea igarotzen da.

Zubiak

Garrantzi eskaseko galtzada-hondar batzuekin batera zubiak kontuan hartu behar dira.

Bizkaian zubi-kopuru altua dagoen arren, Busturialden ez dago pentsa genezakeen beste. Gainera, era desberdinean bananduta daude. Udalerri askotan elementu ugari daude: Arratzu, 1 (Uarka auzoa); Bermeo, 2 (Alfa eta Gaztelugatxe); Busturia, 1 (San Bartolomé baselizaren ondoan); Ea, 2 (Zubizarragoikoa eta Zubizarrabekoa), Errigoiti, 1 (Olea auzoa), Gernika-Lumo, 2 (Trenaren zubia eta 6315 errepideko 30-31 km-an); Kortezubi, 2 (Tabernabarri eta 6212 errepidearen 34-37 km-an); Mendata, 2 (Oroaga zubiaren ondoko oinezkoentzako zubia eta Arzubia); Morga, 1 (Morgaondo); Mundaka, 2 (Laidatxu eta trenaren biaduktua), Muxika, 5 (Zugaztieta, Vista Alegre, Ariatza eta bi Ugarten); Sukarrieta, 1 (Txatxarramendi) eta inguruan, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, 4 (Zubialdea, Zubibarriaga, Kaltzadako Zubia eta Garrotetxu). Beste udalerri batzuetan (Ereño, Elantxobe…), berriz, ez da batere batu, egon ez daudelako edota garrantzirik ez dutelako (errepikatu egiten direlako edota interes eskasekoak direlako).

Banaketa horren arrazoia batez ere leku bakoitzaren ezaugarri geografikoen araberakoa da: zubi gehien dituzten udalerriak haranetan kokatuta dauden bitartean, zubirik ez dutenak nolabaiteko altueran daude, ibaiek ez dute zeharkatzen edo zeharkatzen badute errekak baino ez dira. Halere, aipaturiko udalerri batzuetan artean, Muxika esaterako, lur-azalera handikoak daudela kontuan hartu behar da.

Arzubia zubia
Arzubia zubia. 1759ko agiri baten Zubiaur
(Ajangiz eta Arratzu artean), Uarka (Arratzu)
eta Arzubia zubiak aipatuta ageri dira.
Zubiaren erdian kokaturiko harlauza
laukizuzen batek Arratzu eta Mendataren
arteko muga adierazten du. Bere ezaugarriak
ondokoak dira: erdi puntuko arkua, dobelaje
ona, estriboak eta goiko egitura oso
erregularrak, eta harlandu ona. Oraindik orain
alde bietako horma txikiak erakusten ditu.
Bere artapen-egoera ona da.

Zubien tipologia-aldakortasuna eta osagaien aniztasuna hain handiak eta heterogeneoak dira sailkapen bakar batean sartzea ezinezkoa dela.

Egiturari dagokionez, eta tamaina alde batera utzita, arku bakarreko zubiak ugarienak dira. Gehienak erdi puntukoak dira (San Bartolome ermitaren ondoko zubia, Busturian; Zugaztieta, Muxikan); beste batzuk arkua beheratuta dute (Eako hirigunearen erdialdeko zubia; Olea, Errigoitin)... Aurreko mota horiek biderkatu egiten dira arku biko zubiak sortzeko (Ariatza, Muxikan; Laidatxu, Mundakan), hiru arkudunak sortzeko (Oroaga, Mendatan; Zugaztieta, Muxikan) edo gehiago dutenak sortzeko (trenbidearen biaduktua, Mundakan). Batzuetan, zubi bereko arkuek altuera eta zabalera desberdina izan dute.

Bestaldetik, Zugaztietako (Muxika) biaduktua nabarmendu beharra daukagu. Arku-kopuru handia izatearekin batera, oso zubi luzea da.

Galtzadaren fisionomiari, hau da, eutsita dagoen aldearen perfilari dagokionez ondoko izaera izan dezakete: Zuzenak, gehienak dira; zaharrenak kurbatuak eta konkortuak (Eako biak) dira, eta lerroak kurbekin nahasten dutenak, hau da, mistoak.

Eraikuntzan erabilitako materialek amaierako formetan nabarmenki eragiten dute. Harriarekin eraikitzea ohikoa zen. Harlandua eta kareharria nagusiki erabiltzen ziren, nahiz eta, noizbehinka, harlandua eta harlangaitza batera sarri erabiliko diren.

Hormigoia, zementua eta burdina XIX. mendearen amaieran agertuko dira. Tekniken eta fisionomien iraultza ekarriko dute. Eredu berriek diseinu ausartak, dinamikoak izango dituzte, beti aproposak izango ez diren arren. Hormigoia, batez ere, eraberritzetan eta eraikuntza berriko zubietan erabiliko den materiala, nahiz eta azken horien artean metalikoak direnak egon badauden.

Zubien artapenaren inguruan esan beharra dago azken urteotako uholdeek, 1983koek batez ere, zubi askoren egitura goitik behera etortzea eragin dutela. Horren adibide dugu Gernika-Lumo, industrialdetik, eta Ajangiz lotzen zuen zubia. Nahiz eta batzuk, zorterik handiena izan dutenak, enbateari aurre egitea lortu dioten, beste batzuk desagertu ziren.

Landa-guneetako zubiak, gehienak oso antzinakoak eta erabilpen eskasekoak, bertan behar uzte hau gehien pairatu dutenak izan dira. Asko egoera penagarriak daude eta landareek estaltzen dituzte. Hala ere, apurka-apurka berreskuratzen doaz, Arzubia zubia (Arratzu eta Mendata artean) esaterako.

Hemendik aurrera Busturialdeko zubirik interesgarrienak aztertuko ditugu. Honi hasiera emateko Eakoei helduko diegu. Herriaren ikur dira. Biak, Zubizarragoikoa eta Zubizarrabekoa (Kurtzioko eta Jesuseko moduan ere ezagunak direnak) begi bakarrekoak dira. Txalupen zeharkaldia errazteko konkortuta daude. Arkuak harlanduan eginda daude eta beste guztia harlangaitzezkoa da.

Oso dibulgatutako zubia Gaztelugatxekoa (Bermeo) da. Berriagoa da. Oso bitxia da. Bere fabrikan eraberritze ugari egon direnez, bere itxura berria edo berriagoa da. Zubiak bi begi ditu eta Gaztelugatxeko istmoa kostarekin lotzen du. Begi bi hauek harlanduan eginda daude eta erdi puntuko arkuak dira. Beste guztia, antzeko harlanduan eginda dago. Galtzadan oraindik orain enkantxoa kontserbatu da.

Trenbidearen biaduktua Zugaztietan
Trenbidearen biaduktua Zugaztietan (Muxika).

XIX. mendearen amaieran Ajangiz eta Gernika-Lumoren artean lau zubi zeuden, nahiz eta euren inguruan informazio gutxi egon. Ziguena zubia Mesedeetako komentuaren ondoan zegoen eta dokumentazioaren arabera handik portura 120 m zeuden. Zubikoa Ziguena zubitik 100 m-ra zegoen, Gernikatik Elantxoberako bidean, Tabernabarriko zubia ere esaten zitzaion. Hirugarren zubia, presako zubia, 1983ko uholdeek erabat suntsitu zuten. Eta azkena, Arabietako zubia. Gaur egungo kokapenak ez du zerikusirik lehen zeukanarekin. Zubiak Ajangiz eta Gernika lotzen ditu Kanpantxutik. 1731ko agiri baten zubiaren krokisa agertzen da, konpondu behar zelako. Antza denez, zubiak erdi-puntuko arkua zuen, estribo gainean zegoen eta ez zuen pilarerik artean.

Agiri horretan ez da Errenteriako zubia aipatzen eta zubi horrek garrantzi estrategiko handia zuen. Alderdi biek arteko garraio-bide garrantzitsua zen eta oso lotuta zegoen Ajangizko Errenterian eta Gernikako portuan egiten zen merkataritzarekin. Zubi hori hainbat gertaeren lekuko izan zen eta hainbat eraso jasan zituen. J.A. Etxanizek dio, uholdeek baten baino gehiagotan eraman zutela (batez ere, 1590ean), Alfonso XIII.ak itsasadarraren kanalizazio-obrak ikusi zituen 1922an eta geroago, 1942an elizateak aginte-makila Errenteriako zubian eman zion Gernikari eta ez zuen inoiz berreskuratu ez zubia, ez auzoa.

Eta Busturialdetik kanpo, baina zati bat Urdaibain duten udalerriei helduz Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz aipatu behar da. Bertan ondokoak nabarmendu behar dira: Zubibarriagako zubiak, elizatearen erdigunean daudenak; Zubialdeakoa, Zubialdea etxearen aurrez aurre eta antzinako elizatearen eta Gerrikaitzgo Hiribilduaren arteko muga dena; Garroko zubia, San Migel auzoko izen bereko baserri-etxearen aurrean dagoena. Zubi txiki hau silarriz eginda dago, arku bakarrekoa da, punta apur bat badu eta herritarrek erabiltzen dute. Eta batez ere aipatu beharreko zubia Kaltzadako Zubia deitutako da. Munitibar Aulesti errepidean dago eta ia bien arteko mugan kokatzen da. Bere izenagatik Durango eta Lekeitio lotzen zuen galtzada lotzen zuela pentsa genezake. Silarriz eginda dagoen zubi nahikotxo handia da. Arku bakarra du, baina arku handia duenez, bere perfila konkortsua da.

Orain arte idatzitakoarekin espero dezagun galtzada edo zubia ikusten dugun bakoitzean puntu desberdinak lotzeko beharrezkoak diren eraikuntza zibil publikoaren elementu arruntzat bakarrik ez hartzea. Izan ere, horiek, eginkizun hori betetzearekin batera, inguruarekin dugun harremanaren parte ere badira. Natura menderatzeko ahaleginaren ikur dira. Formen, materialen eta proportzioen balizko adierazpena duten lanak dira. Badira, beraz, gure iraganaren historiaren eta kulturaren testigantza.

BIBLIOGRAFIA

+ BARRIO LOZA, José Ángel y otros. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia. Diputación Foral de Bizkaia y Deustuko Unibertsitatea-Deiker, Bilbo, 1990.

+ CASANOVAS, Teresa y CANDINA, Begoña. Puentes de Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1992.

+ ENSUNZA ARRIEN, Maider. Bizkaiko Herrien Monografiak. Gernika-Lumo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.

+ LÓPEZ MUSATADI, María Jesús. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ispaster eta Ea. Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1998.

+ OLABARRIA LONGARTE, Francisco Javier. Bizkaiko Herrien Monografiak. Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz eta Mendata: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.