Hiria titulua duten hiru asentamendu daude Urdaibain (Bermeo, Errigoiti eta Gernika) eta bere inguruan Gerrikaitzgo hiria dago, gaur egun Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz dena eta lurraldearen zati bat Urdaibain kokatuta duena, alegia. Euren hirigunean Erdi Aroko antolaketa kontserbatzea lortu badute ere, antzinako partzelazioaren eta bertan garai horretan eraikitako etxeen aztarnak Bermeon bakarrik ikus daitezke. Gernika-Lumoko hirigunea oso eraldatuta dago gerraosteko berreraikitzearen ondoren. Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen, bestalde, gaur egun oso eraldatuta badago ere, Erdi Aroko antolaketa suma daiteke bertan. Atal honen prestaketarako José Ángel Barrio Loza eta beste batzuen Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia lana erabili dugu.
Bermeoko arrantza-hiriak sute ugari jasan zuen arren, bere antzinako Erdi Aroko antolaketa eta bertan eraikitako etxeen aztarnak gordetzen ditu oraindik. Horrela, Erdi Aroko Bermeon gero eta aberatsago egiten ari ziren burgesen etxeen adibideak heldu zaizkigu. Garaiko eraikin batzuek iraun badute ere, Ercilla eta Arostegi dorretxeak (eraikinon informazio gehiago izateko Arkitektura militarra) esaterako, ez ditugu nahastu behar Erdi Aroko burges bermeotarrek bizilekutzat erabili zituzten hiri-etxeekin. Beste kasu askotan bezalaxe, orduko hiri-etxeen aztarna gutxik diraute gaur egun 1297, 1347, 1360, 1422, 1504 eta 1722 urteetan jasandako suteen eraginez.
Halere, Talaranzko bidean oso eredu ona kontserbatu da, hirigunetik kanpo egon arren, Bizkaian zutik dirauten hiri-etxeen artean aipagarrienetarikoa dena ,hain zuzen ere. Talako Etxeak oinplano luzea eta sakona du, eta salbuetsita dago. Alboetako eraikinetara lotuta egoteagatik diseinatutako ereduaren arabera eraiki da noski. Horiekin komunean mehelinak ditu. Fatxada, altuera bikoa da. Behe-solairua harlanduan itxita dago eta puntu erdiko sarrera du erdigunean. Goi-solairua, harrizkoa da, eta albo banatako morru zintzilikatuek eutsita, hasiera batean aurreratuko zen. Alboko hormak harrizkoak dira eta puntadun leiho germinatuak daude. Teilatuak, bi uretara, fatxada nagusirantz isurtzen ditu urak. Barne-egitura oso berriztatuta badago ere, bi alboetako hormatalen gainean kokatutako egur-habeetan eusten da. Kasu honetan, behe-solairua nekazaritza eta abeltzaintzara zuzenduta zegoen bitartean, logelak goi-solairuan kokatzen ziren, eraikinaren ardatzarekiko zeharka eran zeuden eta elkarrekin pasabidearen bidez komunikatzen ziren.
Bermeoko auzotar askoren artisau- edo arrantza-lanbideak euren etxebizitzetako behe-solairuan industria- edo biltegi-lokala egotea eta hutsuneak bikoiztea ekarriko zukeen. Barnera sartzeko arkuaren ondoan, alboratuta, lantegi-lonjarako leiho-salmahaia eraikiko zatekeen. Baina, oro har, hasierako Bermeoko hiri-etxe nagusiak Talako hiri-etxetik gutxi desberdinduko ziren. Gaur egun, halere, horien jarraipena egiteko beranduagoko adibideen bidez bakarrik egin dezakegu, esaterako Donieneko 9. zenb.eko eraikinaren bidez -puntu erdiko sarrera duena- edo Nardiz’tar Jon kaleko 24 eta 26 zenbakietan dagoen morrua -hiru solairu gehi ganbara zuen etxea mugatzen zuena-.
Baina etxe hauek adibiderik landuenak eta aberatsenak dira, euren hormetan ikus daitezkeen elementu arkitektonikoek, arkuek, adierazten duten legez. Kasurik gehienetan etxebizitzak apalak izango ziren: egurrezko zutabez eta habez eraikitakoak, eta harri txikiz zein oholtzez itxita egongo zirenak kanpotik. Oraindik, badaude orduko sistema erabiltzen duten eraikin berriagoko orube estuak, Nardiz’tar Jon kaleko 34 zenbakitik 50 zenbakira artekoa, Erremedio kaleko azken zatia eta Andra Mari kaleko 23. zenbakia esaterako.
Kostaldeko hiritik kanpora hiri-etxeak izan zirela gogoratzen digun ia ezer ez dago. Gernika-Lumon Goienkaleko Ariz Etxeko orube estua da errenazimenduko hiri-etxeen aztarna bakarra. Bost solairuko etxea da, baina bakarrik lehenak du garrantzia. Harlanduzkoa da eta puntu erdiko sarrera kontserbatzen du. Beste lau solairuak gaur egungoak dira. Eta Errigoitin etxebizitzek baserriaren eredu arkitektonikoak erabat barneratuta dituzte. Fatxada nagusia kaleetara ireki beharrean, hiriguneetan gertatzen den legez, Ekialdera irekitzen dira guztiak, ahalik eta intsolazio gehien lortze aldera.
Gerrikaitzgo hiriko –gaur egun Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz dena Lea-Artibai eskualdean dago kokatuta, baina lurraldearen zati bat Urdaibai Biosfera Erreserbak hartzen du- lehenengo eraikinak hiri-etxeak ziren. Orube estuetan –kasu batzuetan bost metro baino apur bat handiagokoak- eraikitzen ziren. Hegaletatik alboetako etxeek mugatzen zituzten, mehelina komuna zelarik. Behe-solairua, harriz itxita zena, bitarteduna zen eta, bere ondoan, merkatal-lokal sakona kokatuta zegoen. Bigarren solairua etxebizitza zen. Teilatupean ganbara estua egoten zen. Estalkia bi uretara zen. Ura kalera eta atzeko fatxadara isurtzen zuen. Azken honetatik ortu txikira helduko zen, baina, denborarekin, murrizten joan zen lubaki estua bihurtu arte. Lubakiaren zabalera gune batzuetan bi metro eta erdikoa den bitartean, beste batzuetan zazpi metro baino gehiago hartzen ditu.
Etxebizitza haiek Kantokoarekin alderatuta nahikoa antzekoak izango ziren. Kantokoa, XVI. mendeko hasierako eraikina da eta hasieran, bere izenak adierazten duenez, kantoian edo ertzean kokatuta zegoen. Honek, halere, berezitasun bat erakusten du: behe-solairuan ohikoa den sarrera estua eta alboratua izan ordez erdian kokatutako sarrera zabala du. Kokapen hura ez zen hain arraro izango orduko etxeetan, euren jabeak nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen baitziren. Alboan sarrera jartzen zen merkatal-lokalak bao edo salmahai propioa izan zezan. Baina abeltzainak, animalientzako sarrera zabala eta hegaletako hormetatik urrun zegoena, gainera, behar zuen, horietako horma batek eskailera eusten zuenez, abelburuen bidean enbarazu egin baitzezakeen. Sarbideko arkuaren ondoko leihoaren betebeharra, hain zuzen ere, igoera argiztatzea zen. Kantokoaren goiko solairua, jatorrian, harriz betetako oholezko armazoizkoa izango zen, kale horretako beste eraikin batean ikus daitekeen moduan.
Urte horietan eraikiko zen Torretxikitone, izen eta kokapen hori –Portalearen, hiriko ateetariko baten, aldamenean- izan arren bere inguruko etxeak baino apur bat gehiago landutako hiri-etxea izango zen. Fatxada nagusi osoa harriz estalita zuen. Behe-aldean puntadun arkua eta leihoburudun baoa zena erakusten zuen. Egoitza-solairuan eskartzanodun leiho bat zuen. Gaur egun, eraikina, erraustuta dago eta bere harriak gordeta daude.
Erdi Aroan sortu arren, hiri-etxeen eredu arkitektonikoak mende batzuetan iraun zuen. Horrela, XVIII. mendean, Goikokaleko 11 zenbakiduna (8 zenbakia ateburuan), Txorixena, eraiki zen. Hain aldapa handian dago eraikita aurreko aurpegiak tradiziozko bi aurpegiak dituen bitartean, atzekoak lau erakusten dituela. Bere fatxada nagusia eta Kantokoa, kontzeptualki behintzat, oso antzekoak dira: behe-solairua harlandu irregularreko apareju dago eginda, sarrera du eta goi-solairuari bidea ematen dion moldura boluminotsu barrokoan amaituta dago. Goi-solairua oholezko armazoian eginda eta luzitutako harriz beteta dago. Kasu honetan, ordea, behe-solairuak egoitzaren betebeharra onartu du, ukuilua bi sotoetara desplazatu baita
Azkenez Kalejakoa, Beheko Kale 20 zenbakiduna, gaur egun berriztatuta dago eta fatxada nagusia Barrenkalerantz zuen. Aurrekoen ezaugarri bertsuak zituen.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.