Gastarain edo Gestarain Goiko den baserri-etxea, Maria Antonia Gorostiagaren jabegokoa, antzina, bertan inguruan zegoen eta jausi zen dorretxe baten lekuan egindakoa da; hain suertez, bertako seme batek, orduko dorretxearen kronika idatzi zuela.
Kronika hau 1623ko maiatzaren 6an hasten da. Gestaraingo Abad deitzen zuten Batxilerra eta Abade zen Fernando Gastarainen heriotzarekin hasten da. Honek hiltzean ez zuen inolako testamenturik eta 36 milioi erreal utzi zituen. Halere, hildakoen liburu zaharreko 25. orrialdean esaten da, honek testamenturik egin ez arren, Ereñoko Gestarain etxearen kontratuaren borondatea argi utzi zuela. Ondasunak hiru zatitan banatzeko bereiztu zuten.
Lehenengo agiriak zioen Martin Gestarain, Domeka Puertorekin ezkonduta zegoena, izango zela diruaren jabe.
Bigarren agiriak, arestian aipatutako hiru zatiak azaltzen ditu. Gestaraintar neska umezurtz bakoitzarentzat urrezko 100 dukat dote legez, ezkontzean eramango zituen. Hirugarren atalaren arabera eliz-gizon izan gura zuen edozein Gestaraintar semek, lau urtez lehenengo mailako ikasketak eta filosofia eta teologia egiteko urrezko berrehuna dukat jasoko zituela. Beka honekin, Juan Ikazuriaga Etxeandia (Nabarnizko abadea) eta Josef Olalde Ereñotar fraideak ikasi zuten.
Hirugarren agirian, Ereñoko San Migel parrokian, Gabikako elizan eta Akordako Santa Katalina baselizan, Fernando Gestarainen arimaren alde mezak emateko dirua utzi zen.
Mendeetan zehar asko izan ziren herentzia handi honek izan zituen administratzaileak.
Xemeingo, Mariana Zabala Gorostiagari, Juan Cruz Urkidirekin ezkondu zenean dotea eman zion, baita Maria Gorostiagari Nabarnizko Juan Goitiarekin ezkondu zenean ere.
Dotea, urrezko 50 dukatera urritzen da, ordura arteko herentzia amaituz eta orduan Gestaraingo dorretxeko oinordekoa zenak, Juan Manuel Goitisolok, bere amaren lerroko arbaso baten nahia betetzeko, bere poltsikotik dirua ipini behar izan zuen, zeren eta testamendu honen berri eman zenean ez zegoen Gestarainen semerik eta bertako alaba bat, Nabarnizko Gorostiagatar batekin ezkondu zen, Gestarain abizena galduz.
1820an Gorostiagatarrak Bengoatarrekin batu ziren eta 1861ean Arrupetarrekin.
1861eko ekainaren 8an, Juan Manuel Gorostiaga Arrupe Maria Antonia Urrutia Ibarraranarekin ezkondu zen. Hamalau seme-alaba izan zituzten.
Seme-alabatariko bat, Jose Manuel Gorostiaga Urrutia alegia, Luisa Goitisolo Arruperekin ezkondu zen. Bien arteko ezkontzak, Gorostiaga eta Goitisolo upelategien ustiakuntzak Euskadiko izena mundu mailan zabaltzen lagundu zuen.
Familien arteko batzeak zirela eta esan behar dugu, Arrupe abizena, Jose Mauel Gorostiagaren andrearen bigarrena hain zuzen, Catalina Arrupe Meaberen bitartez, Gorostiagatarrekin batu ziren berriro, eta ezkontza honetatik, Jesusen Konpainiako Superriora izan zen Aita Arrupe jaio zela.
Gestarain abizena 1648koa da eta ondokoa esan nahi du: zilarrezko zelaian, zuhaitz orlegia oinezko beltza irakurgaia urdinezko letrekin.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.