Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Zerbitzu eta azpiegitura-arkitektura » Probalekuak eta frontoiak

Gernika-Lumo Hiriko lehen frontoia 1853koa da.

Geroago, beste instalakuntza bat, itxia eta ezaugarri modernoekin eraiki zen. Castor Uriarteren diseinuaren arabera. Asfaltodun munduko lehen frontoia izan zen. Bertako hormigoiaren gainean, hauts-aztarna oro kendutakoan, 2,5 cm-ko asfalto-geruza jarri zen. Hiru egunen buruan gogortuko eta pilotara jolasteko moduan egongo zena. Bere emaitza baieztatu zenean Gernikan beste frontoi batzuetara (Markina-Xemein, Bergara, etabar) hedatu zen.

1853an
1853an, Gernika-Lumoko Pasilekuan pilotara
jolasten.

Hau, 1925eko ekainaren 13an, San Antonio astelehen batean gertatu zen. Lurrak erosteak era eraikina altxatzeak 250.000 pztako koste aizan zuten.

Akziodun eurek frontoiaren zuzendaritzaren ardura eraman zuten hasierako hamabost hilabeteetan. Pablo Gerrikatexebarria presidenteak berak eskatuta Mateo Sainz de la Maza sartu zen enpresaren zuzendaritzan eta Mateo bera izan zen zuzendaritzako oinarrizko pertsona. Mateo Sainz de la Mazak 1926an hartu zuen kargua.

1925ean
1925ean, Castor Uriartek beste frontoi berri
bat eraiki zuen, asfaltoa zuen munduko
lehen frontoia alegia.

Guda Zibilean izandako bonbardaketak Erian kokatutako frontoia suntsitutakoan, Gernika zesta-punta gabe geratu zen eta frontoi berri bat izateko gogoa zuen. 1962ko urtarrilaren 6an, orduko alkatea zen Jesus Toña Jaunak frontoi berri bat eraikitzea proposatu zuen. Gernikako eta eskualdeko herritarren laguntza eskatu zuen. Zirkulazioan jarritako akzioa kepe laburrean erosi ziren. Bakoitzaren balioa 1000 pztakoa zen. Frontoiaren kostua 25.000.000 pztakoa izan zenez 5.000.000 pztako kapital-handipena behar izan zuten. Miami Jai Alai enpresa amerikarrak jarri zuen diru hori.

1963ko ekainaren 29an, San Pedro egunean, Jai Alai frontoiaren inaugurazioa egin zen.

Arkitektura

Secundino Zuazok diseinatutako Jai Alai Frontoia arkitektura “garaikide” moduan ezaguna den arkitekturaren adibiderik onenetarikoa da. Arkitektura-mota hori 1920 eta 1965 artean, gutxi gorabehera, eraikitako da eta Mugimendu Modernoaren baldintzei erantzunez sortu zen.

1963an altxatu zuten Jai Alai Frontoia, udalerriaren erdigunean dago. Proiektuaren arabera eraikin salbuetsia zen. Koadro-erako oina zuen. Sarbide bikoitza zuen. Bata, Carlos Gangoiti kaletik zuzen-zuzenean eta bestea –gaur egun erabiltzen ez dena- San Juan kaletik oinezkoen bide batetik. Bolumen bik zehazten dute: nagusia, jolas-guneak eta harmailak osatzen dutena, eta bestea, txikiagoa, aurrekoaren hegoaldetik bat egiten duena, eta honetan daude mailak eta sarbideak. Barnealdean, bi bolumenak ederki integratuta daude. Honela, eraikinak, espazio handia lortzen du eta, hain zuzen ere, hori da bere balore arkitektonikorik aipagarriena. Frontoia hiru solairutan antolatuta dago. Behekoa edo sarbidekoa, kantxa, kontrakantxaz eta harmailetako beheko jesarlekuek osatzen dutena. Nagusia, goiko jesarlekuekin osatuta eta, bigarrena edo palkoak. 1800 jesarleku zeuden harmailetan eta 200 palkoetan.

Joko-gelaren orientazioak proiektuaren zuzentarauak eta taldearen hiri-kokapena mugatu zituen. Iparreko argiarekin argiztatzeko beharra iparraldean fronte handia kokatuz konpondu zen. Fronte hau kantxaren alboko hormarekin bat egitea eta sarbide nagusiaren lerroarekiko perpendikularra izatea lortu zen. Hegal-irten moduan diseinatutako angelu-bolumenaren –hegoaldeko gorputzaren goiko solairuari dagokiona- bitartez babestutako sarrera honek eskailera sinusoidalera bideratzen du publikoa eta honetatik solairu nagusira igotzen da. Pilotariek aldageletara eta kantxara joateko sarbide hau ere erabiltzen dute.

Sarbide nagusi honekin simetrian bigarren mailako beste bat proiektatu zen, gaur egun erabiltzen ez dena. Solairu nagusitik harmailetako jesarlekuetara edota, ibilbide zuzeneko eskailerarekin, palkoetara heltzen da.

Gernika-Lumoko Jai Alai Frontoiaren kanpoaldea
Gernika-Lumoko Jai Alai Frontoiaren
kanpoaldea.

Joko-gunearen azalera 57 m-ko luzerakoa eta 11,00 m-ko zabalerakoa da. Aurreko hormaren altuera 11,00 m-koa da. Alboko hormak altuera bera du eta hamaikagarren koadrotik atzera jaisten doa, atzeko horman, errebotean, alboko hormarekin bat egin arte. Bertan, 6,40 m-ko altuera du. Era honetara, jokoan inoiz sartzen ez den horma horren trataera aurrezten zen. Kontrakantxaren luzera kantxaren berdina da eta zabalera 6,00 m-koa da.

Kantxaren eraikuntza-irtenbidea eraginkortasun handikoa da, nazioarteko frontoien arteko boterik onenetarikoa aurkezten baitu. Horretan, materialak, hormigoi masaz egindako zoru jarraituak eta bere pieza-banaketak eragina izan dute; izan ere, 90º angelurik ez da sortu.

Bolumen nagusia, joko-gunearena alegia, ikusten den hamar ataripe trapezoidal sistemaz osatuta dago. Euren arteko distantzia berdina da. Sarbide-kalearen paralelo, iparraldeko euskarriek eraikinaren frontea osatzen dute eta berton kantxaren alboko horma ezarri da. Euskarri hauek, estalkiaren gatzarien horma-bular inklinatuen antzera daudenak, euren –erdiko zortziak- goiko erpinaren kanpoalderantz proiektatu dira. Euskarri hauen artean, jokoaren horman bertan, kanpotik argia sartzen uzten duten leiho tzarrak daude. Euskarriek gatzari handiekin duten ortogonaltasuna, -93ºkoa gutxi gorabehera, estalkiaren beheko eta kanpoko pendiza adierazten du.

Hegoaldean, gatzariak, salbuetsitako euskarri bertikalen gainean oinarritzen dira. Solairuko forjatuekiko perpendikularrean daude, harmailen espazioa mugatzen dute eta ondoko bolumeneko sarbide-eremura bideratzen dute. Artikulazio hau oso garbia den espazio irekiaren bidez gertatzen da, hegoaldeko itxidurako beirategi batek argiztatzen duelarik.

Palkoen solairuak espazio zentral handia du eta horren inguruan erabilpen anitzeko –bulegoak, gelak eta komunak- gorputzak daude; hauek, arkupeek euren hegoaldeko lerrokaduran zehazten duten altuera baino txikiagoak direnak, hegoaldeko bolumenetik espazio nagusiaren barnealderantz banatzen dira; markesina baten bitartez elkartuta agertzen dira eta taldeak, horrela, osotasuna lortzen du.

Altuera-desberdintasun honek arkupeen hegoaldeko fatxadako baoetan irekitako leiho tzar zenitalen bitartez gela argiztatzea baimentzen du.

Harmailen azpian eta, beheko solairuan, pasabide handia doa muturretik muturrera, hots, sarbide nagusitik bigarren mailako sarbidera. Albo bietara, aldagelak, instalakuntzak eta bestelako osagaiak daude. Sarbide nagusiaren aldamenean bigarren mailako eskailera batek solairu nagusira eramaten du.

Gernika-Lumoko Jai Alai Frontoiaren barnealdea
Gernika-Lumoko Jai Alai Frontoiaren
barnealdea.

Azken zaharberritzea

2006, 2007 eta 2008 urteen artean frontoi honetan 899.000 euroko aurrekontua zuten eraberritze-lanak aurrera eraman ziren.

Era honetara, esparruak erabilpen anitza du, baita espektakulo sozio-kulturalak hartzeko moduan ere. Kantxa eraberritu da, arraildurak eta hondoratzeak konponduz kalitate goreneko joko-gunea lortzeko. Esparruko solairu desberdinak lotzen dituen igogailua jarri da. Argiztapena eta akustika hobetu dira. Erabat batu ahal den sare motorduna jarri da. Eguzki-energiako 720 panel kokatu dira. Gainera, barrualdean, zesta-puntaren interpretazio-zentroa ezarri da.

2008ko ekainaren 13an Jai Alai Frontoiaren inaugurazio-ekitaldia izan zen.

Bestalde, Jai Alai Frontoia XX mendeko kirol-eraikin adierazgarrienen atalean ondare kultural izendatu da.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.