Irekia. Elizako horma da, eta ez dauka ezkerreko hormarik. Harlandu eta harlangaitz zarpeatuak. Urteak 1819-1860. Arkitektoa Juan Bautista de Belaunzaran. Egoera onean dago.
Frontiseko zereginak betetzen dituen elizako hormak besterik ez du frontoia osatzen; Ajangizko plazaren erdia hartzen duen hormigoizko kantxa bat du (20,1 metro luze eta 12,3 metro zabal). Plaza hau astialdirako gune ezin aproposagoa da, frontoiaren eskuinaldean arbolez inguratutako haur parke bat topatzen dugulako eta errebotean herriko taberna dagoelako. Gainera, plazan bertan errepideari bizkarra ematen dion udaletxea dago; honek gunea ixten du Oka haranari begiratzeko ikustoki eder bilakatuz.
Frontisaren horma Igokundeari eskainitako parrokia neoklasikoaren hegoaldeko erpinean dago. Eliza 1819an proiektatu zen, 1844an eraiki eta Juan Bautistaren semeak, Pedro de Belaunzaranek, amaitu zuen. Harlanduzko frontisaren 8,5 metroen gainean zirkunferentzia erdiko leihatea dago; pentsa daitekeenez, lehiateko beiratea apurtuta dago. Leihoburua harlangaitzezkoa da eta txapa harrian sartutako burdina landuaz eginda dago.
Gune hau mugatu eta osatzeko modu egokiak eredu ezin hobea ematen du pilotan jokatu den elizen hormen inguruan. Horietatik gehienek, zoritxarrez, ezin izan diote “Plaza”ren izaerari eutsi.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.