Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala

Antxon Agirre Sorondoren iritziz (Tratado de Molinología) -orokorrean onartzen da giza-elikadura era honetara garatu zela: 1., ehiza; 2., fruituen bilketa; 3., abeltzaintza; 4., ortuarien lantzea, eta, 5, nekazaritza-produktuen lantzea.

Prestatzeko erari dagokionez honek izan ziren. 1., gordinik; 2., erreta, eta, 3., egozita-.

Joxe Migel Barandiaranek Atxetako koban (Forua) aurkitutako esku-errota
Joxe Migel Barandiaranek Atxetako
koban (Forua) aurkitutako esku-errota.

Gizakiak, produkturen baten digestioa erraztu ahal izateko bere inguruan bildutako harriez baliatuz produktua apurtzeko, birrintzeko edo xehetzeko golpatu egiten zuen. Erabilpen-mota hau ere oso aproposa zen haziak edo azal gogorreko fruituekin aritzeko. Hemendik, azkenean, bi harrien arteko igurzketaren bidezko ehoketa garatuko zen. Horrela jaio ziren seguruenez esku-errotak.

Etnografo beraren aburuz -antzinako esku-errotak bi harriz eratuta zeuden. Bata, behealdeko harria edo finkoa, angeluzuzen formakoa, ertz biribildunak eta hegaletatik erdialdetik baino apur bat altuagoak. Bestea, goialdeko harria edo eskukoa, aurrekoaren oso antzekoa, baino txikiagoa eta, bere betebeharra, aurrekoarekiko perpendikularki jarrita (gurutzea osatuz), balantzaketa bidezko mugimenduei esker bien artean kokatutako garaua birrintzea zen-.

Arestian aipatutako antzinako esku-errotarekin bat datorren harrizko errota aurkitu zuen Joxe Migel Barandiaranek Foruako Atxeta koban eta badirudi Brontzearen Arokoa dela. Hori izango litzateke beraz errotarri zatirik zaharrena Urdaibain.

Geroago, Burdinaren Aroan, beste erabateko errotak agertu ziren, birakariak hain zuzen ere. Bi errotarriz eratuta daude. Bata, azpialdekoa, harri borobila eta, bestea, goialdekoa, mugikorra da eta bere ardatzaren inguruan biratzen da. Erdialdean zuloa du eta bertotik botako da garaua. Errotarri bien artean kokatzen denean birrindu eta eho egingo da. Ondoren, erdialdetik kanporatuko da irin-eran.

Arrolako oppidumean (Arratzu, Nabarniz eta Mendata), Burdinaren Arokoa, garaua eskuz ehoteko harri asko aurkitu dira.


Errota zirkularraren Katilu
edo pieza mugikorra. Arrolako
Oppiduma.

Erdi Aroan beste esku-errota mota bat garatu zen, baina ez da horretaz inolako aztarnarik aurkitu. Bi errotarriz zegoen osatuta. Goikoa, mugikorra eta, behekoa, finkoa. Harrizko mahaian zeuden kokatuta. Garaua, goialdean zegoen egurrezko toberatik botatzen zen eta egurrezko erregulagailuaren arabera errotarri artera sartzen zihoan. Baliabide gutxiagoko pertsonen artean erabiliko zen gehiago edota etxerako bakarrik eho behar zenean.

Beste erabateko animaliek (astoak, mandoa eta zaldia) eragindako erroten aipamenik ez da aurkitu ez erabilitako bibliografian ez eta landa-lanean ere. Hortik pentsa dezakegu ez zutela garrantzirik izan eskualde honetan.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.