Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Zerbitzu eta azpiegitura-arkitektura » Eguzki-erlojuak

Gaur egungo gizartean denbora oso garrantzitsua da. Denbora neurtzeko garatu ditugun tresnak, hots, ordulariak, ikaragarri zehatzak dira Baina gizarte modernoetan bakarrik ez da denbora neurtu. Aspaldiko kontua da hori. Ordulari analogikoak eta digitalak asmatu baino lehen eguzki-erlojua erabiltzen zen. Horiek dira gizakiak denbora neurtzeko asmatutako lehen tramankulua. Hasieran oso sinpleak ziren eta denbora aurrera egin ahala gero eta sofistikatuagoak izan dira. XIX. mendera arte, gutxienez, asko erabiltzen ziren, baita, seguruenez, Busturialdean ere. Eskualde honetan gutxienez hamalau harrizko erloju ikus daitezke gaur egun. Gehienak elizatan daude, hormaren edota zutaberen baten kokatuta. Arabiar zenbakiak dira ohikoenak. Kontserbazio-egoera onean daude.

Eguzki-erlojua denbora neurtzeko balio duen tresna da. Baina zer da denbora? Eta, zergatik, denbora zatitu eta neurtu beharra?

Ez da erraza denbora zer den ulertzea baina, ostera, bera zatitu eta neurtzea erraz baino errezagoa da. Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entzklopedikoaren (2009ko argitalpena) arabera denbora "gertaera batzuk beste batzuren aurrekoak edo ondorengoak direla bereizteko eta munduan gertatzen diren aldaketez ohartzeko aukera ematen duen dimentsio jarraitua, iraganetik etorkizunera doana" dela dio.

Gernika-Lumoko Batzar Etxeko eguzki-erloju bertikala.
Arratzuarrek, udal plazatik, bost
minututan zatituriko orduak ikusten
dituzte bertikal motako eguzki-erloju
honetan.

Baina gizakiak ez du denbora beti gaur egun ulertzen dugun bestean ikusi izan; haitzuloetako gizakiak nahikoa zuen eguna-gaua ziklo amaigabearekin; beste herri batzuentzat denbora irabazitako zeozer zen eta ez galdutakoa, eta horregatik irizten zuten bezperan baino zahartxoago jagitzen zirela biharamunero, berriro jaio izan balira legez.

Grekoentzat eta ekialdeko beste herrialde batzuentzat, denborearen ideia ziklikoa da. Aristotelesek esaten zuenez "denbora berez zirkulua dela uste da". Zirkulua zen geometrari grekoentzat figura geometrikorik bikaiena, hasiera eta amaiera bakoa, bere puntu guztiak erditik distantzia berberera zuena eta egiteko erraza baina kuadratzeko zaila zena.

Busturiako Axpe auzoko Andra Mari elizako eguzki-erlojua bertikala
Busturiako Axpe auzoko Andra
Mari elizako eguzki-erlojua
bertikala. Eguzki-erloju mota
hauetan planoa meridianoarekin
paraleloa da.

Denboraren ideia zikliko hau kultura desberdinetan (Indian, Txinan...) ere mantentzen da.

Aztekarren ideia, kristinauonaren antzera, lineala da; denbora sormenarekin hasi zen eta azken egunera arte iraungo du berak; ideia hau amaiera barik darion errekarekin lotzen dugu.

Gernika-Lumoko Batzar Etxeko eguzki-erloju bertikala.
Gernika-Lumoko Batzar Etxeko eguzki
-erloju bertikala.

XX. mendearen erdialdetik aurrera denboraren ikuspegi berria erabili da. Eisntein zein Hawking denboraren ikuspegi berri honetaz baliatu dira Unibertsoa hobe ezagutzeko.

Denboraren kontzeptu eta interpretazio guztiok, denbora neurtzea eta gero eta txikiagoa eta zehatzagoak diren zatitxoetan banatzea ekarri dute.

Guk erabiltzen dugun egutegia Egutegi Juliano deitutakoaren moldaera da.

Horrela deritzo Julio Cesar-ek ezarritakoa delako. Erromatarren garaiko egutegia ez zen batere ona. Hori ikusirik egiptoar egutegia hartu eta 365 egun eta laurdena zuen urtea ezarri zuen euren egutegian. 31 egunetako zazpi hilabete zituen urte horrek, 30 eguneko lau eta 28 egun zituen hilabete bakarra. Desfase hori konpontzeko lau urterik behin egun bat gehitu zitzaion 28 eguneko hilabete laburrenari. Egutegi hau K.a. 45. urtearen urtarrilean ezarri zen indarrean eta XVI. mendera arte erabili izan zen.

Gregorio XIII.a Aita Santuak 1582an aurreko egutegiaren zuzenketa onartu zuen. Egutegi berri honek Egutegi Gregoriano izena hartu zuen. Antolaketa berriarekin Kristau Elizak aurreko egutegiaren zuzenketa egin zuen.

Egutegi gregorianoa sarritan aldatu nahi izan da ia perfektua izan arren, baina momentuz berau erabiltzen dugu.

Hileen banaketari erreparatuz esan antzinako eta oraintsuko ia herri guztietan urtea 12 hilabetetan banatzen dela, beti ilargiaren zikloetara egokitu nahirik. Hilabeteok luzera ezberdinetakoak dira.

Bermeoko udaletxean bi eguzki-erloju bertikal daude.
Bermeoko udaletxean bi eguzki-erloju
bertikal daude. Ezkerrekoa,
hegoaldera begira, eta eskumakoa,
ekialdera begira.

Asteen iraupena egunetan ezartzeko ikuspuntu astronomikoa (ilargiaren faseen iraupena) eta erlijiosoa (kristinauona zein musulmanena) kontuan hartu dira. Genesi edo Hasieran zehazten diren lanerako sei egunek eta atsedenerako beste batek osatzen duen zazpi egunetako aldi honi Aste deritzogu.

Egunaren iraupena 24 orduko da eta Lurrak bere ardatzaren inguruan bira osoa egiten ematen duen denbora-tartea adierazten du.

Eguna zati txikiagotan banatzearen ikuspuntua aspaldikoa bada ere, orduetan zatitzearena herri modernoagoen kontua izan da. Egiptoarrek banatu zuten eguna orduetan. Ordu moduan ezagututako denbora-unitateak Lurreko egunak, hots, batez besteko eguzki-egunak irauten duenaren 1/24 da.

Eguneroko bizimoduaren erritmoak aurrera egin bitartean gizaki modernoaren beharrizanak gero eta handiagoak eta zehatzagoak egin diren aldetik denbora-tarte txikiagoak sortu beharra egon da. Horrela sortu dira minutuak, segunduak (Nazioarteko Unitate-Sisteman denbora-unitatea da) eta horren azpimultiploak (mikrosegundoak...).

Honaino heldu ostean utz dezagun denbora-unitateen atal hau alde batera eta abia gaitezen eguzki-erlojuak ezagutzera.

Bermeoko udaletxean bi eguzki-erloju bertikal daude.
Mendatako San Migel elizako
eguzki-erloju bertikala.

Eguzki-Erlojuaren jatorria eta garapena

Eguzki-erlojua orduak, edo denbora orokorrean, neurtzeko tresna dela diogunean, atal finko bik osatzen dutela aipatu behar dugu: bata, eguneko orduak markatuta daukan gainazal laua da, hau da, erlojuaren gainaldea; beste atala, gainazalaren ertzean ipintzen den ziri edo zulotxoa da, gainaldea dagoen planoan barik beste baten dagoena; bigarren atal finko honi gnomon edo eguzki-orratza deritzo (gnomon gainazala laua bada edo itxura egokia duen txapan badago, eta eguzki-orratza ziria bada).

Eguzkiaren eraginez gnomon edo eguzki-orratzak eguzki erlojuaren gainazalera botatzen duen gerizpea da erlojuan mugitzen den gauza bakarra; gerizpe honek, gainazalean mugitu ahala, orduak ematen ditu.

Lehenengo eguzki-erlojuak egiptoarren IV. eta V. errege-leinuen garaikoa (K.a. 2900-2600) izan ziren. Hauek obelisko luzeak erabiltzen zituzten ziri legez. Babilonian ere antzera neurtzen zuten denbora garai horretan. Orduz geroztik era eta tamaina guztietako eguzki-erlojuak agertu izan dira. Ez dago argi tresna hau nola heldu zen Europara. Batzuren ustez gurutzatuek izan ziren, besteek, berriz, arabiarrek Espainiatik sartu zutela diote, edonola ere litekeena da XV. mendetik aurrera Europan erabil izana.

Ibarrangeluko San Andres elizako ortomeridiano motako eguzki-erlojua.
Ibarrangeluko San Andres elizako
ortomeridiano motako eguzki
-erlojua. Hauetan, bertikaletan,
planua meridianoarenari
perpendikularra da.

XIX. mendearen azkenengo urteetan ere oraindik erabiltzen ziren eguzki-erlojuak, batez ere erloju mekanikoak ordu zuzenean ipintzeko. Erloju mekanikoaren zuzentasunak eguzki-erlojuen erabilera urritu egin zuen, gaur egun dekorazio bitxikeri hutsak direla.

Eguzki-erlojuak Busturialdean

Bizkaiko Eguzki-Erlojuak deituriko argitalpenean 13 aipatzen ziren Busturialdean eta guk egindako bisitaldian Txirapozukoak izan ezik, ezin izan baitugu sartu, guztiak daudela baieztatu ahal izan dugu. Gainera, Ibarrangeluko San Andres elizan dagoena gehitu behar da. Beraz, hamalau bat egon daitezke.

Zortzi udalerritan kokatzen dira honela bananduta: Busturiak 5, Arratzuk 2, Bermeok 2, Mendatak, Muxikak, Morgak, Gernika-Lumok eta Ibarrangeluk bana.

Eguzki-erlojuak hartzen dituzten eraikinei erreparatuz honela banatzen dira: elizatan, 6; eraikin ofizialetan, 4, eta eraikin pribatuetan, 4 (guztiak Txirapozu jauregian). Denak, bat izan ezik, horma edo zutaberen baten daude.

Morgako Meakaur auzoko San Martin elizako eguzki-erloju bertikala.
Morgako Meakaur auzoko San Martin
elizako eguzki-erloju bertikala.

Oientazioa hauxe da: Hegoaldera begira 9, medebaldera bat eta beste guztiak ekialdera.

Eguzki-erloju tresnen formak ugariak dira, nahiz eta koadrante klasikoa gehien agertu.

Material bi batez ere erabili dira: kareharria eta hareharria. Baten kareorea agertu da.

Muxikako Ugarte auzoko San Bizente Martiri elizako eguzki-erloju bertikala.
Muxikako Ugarte auzoko San Bizente
Martiri elizako eguzki-erloju bertikala.

Zenbakiei dagokionez esan arabiar zenbakiak nabari direla zenbaki-mota bien artean, erromatarrak eta arabiarrak. Erromatarren artean ez dago bata eta bestearen arteko diferentziarik zenbakien neurria edo gehiago edo gutxiago makurtzea ez bada.

Arabiar zenbakien artean, ostera, ugaritasun handia dago forma aldetik.

Euren kontserbazio-egoera, orokorrean, ona da, nahiz eta lau oso egoera txarrean egon eta beste bat oso txarrean.

Eguzki-erlojua izan daitekeena Arratzuko Santo Tomas elizan.
Eguzki-erlojua izan daitekeena
Arratzuko Santo Tomas elizan.
Eguzki-erlojuaren erdia elizpeko
teilatua eusten duen zutabe batek
estaltzen du.

Orain arte hamalau eguzki-erloju agertu badira ere, litekeena da gehiago egotea. Baten batek atal honetan aipatu ez dugun eguzki-erlojuren baten berri izango balu eskertuko genioke galtzagorriak@urdaibai.org helbide elektronikora idatziko baligu.

BIBLIOGRAFIA

+ AA.EE. Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa. Elhuyar Fundazioa. Donostia, 2009.

+ AA.EE. Bizkaiko Eguzki-Erlojuak. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1990

Bizkaiko Eguzki-Erlojuak liburuko informazioan oinarrituta eraikitako taula. (*) Geure behaketan lortutako datuak. (1) Ezin izan ditugu behatu.

Bizkaiko Eguzki-Erlojuak liburuko informazioan oinarrituta eraikitako taula.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.