Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Armamentistikoa

Astra, Unceta y Cía

XX. mendearen hasieran, zenbait transformazio-industria metalurgiko Gernika-Lumon finkatzen hasi ziren, Ibarra auzoan eta trenaren bideetan zehar bereziki. Abagune horren barruan dago eraikin hau, jatorriz S. A. Talleres de Guernica-ren bulegoaren egoitza bezala ulertu zena. Enpresa hori Untzeta, Esperanza, Gandarias, Pradera, Arispe eta Leondar familiek sustatu zuten. 1913ko otsailaren 9an jarri zuten lehenengo harria. Beraien fabrika 1916an bukatuta zegoen. Aldi berean, sustatzaileok higiezin hau eraiki zuten, 1918an bukatuta, intendentzia-zerbitzuetarakoa. Obra biok, Ricardo Bastida Bilbao arkitekto bilbotarrak (1879-1953, 1902an tituluduna) asmatuta, Astra, Unceta y Cía arma-fabrikak bereizita daude. Fabrika hau ere XX. mendeko lehenengo urteetakoa da. Geroago, Gerra Zibilaren aurre-aurretiko datetan, bulego-eraikina berriz hazi zen, atiko modukoa jarrita. Azkenik, 1960an alboko Astra, Unceta y Cía fabrikak eskuratu zuen bere administrazio-egoitza bihurtzeko.

Fatxada nagusiaren xehetasuna
Fatxada nagusiaren xehetasuna

Astra, Unceta y Cía fabrikaren jatorria Esperanza y Unceta enpresa da, Juan Esperanza Salvador mekanikako eta armagintzako adituak eta Pedro Untzeta arma-muntatzaile eta –esportatzaileak Eibarren sortuta. Industri establezimendu hau Victoria ereduko pistola fabrikatzen espezializatu zen. Geroxeago, Eibarko merkatua aseta, lurrak erosten eta pabilioi berria eraikitzen diruz lagundu (42.000 pezeta) zuen Gernika-Lumoko Udalaren eskaintza abantailatsuari esker, Bizkaiko udalerri honetara etorri ziren.

Bertan Canpogiro izeneko pistola sortu zuten, 1921era arte espainiar ejertzitoaren arauzko arma izan zena. Une hartan ekoizten hasi zen Astra nº 1921 pistola, Astra 400 bezala ere ezaguna. Lehiaketaren ostean, hori ere erregularki erabili zuten ejertzitoak, eta beste herri askok eskatu zuten hura.

Gernikako tailerrak
Gernikako tailerrak

Esperanzatar familiak 1925ean alde egin zion enpresari. Harrezkero, fabrikak Unceta y Cía izena hartu zuen, nahiz eta itxi zen unean, 1997an, Astra, Unceta y Cía bezala ezaguna zen. Industri establezimendu hau etengabe hazi zen XX. mendearen zati handi batean. Hori zela eta, alboko eraikina erosi zuen, ikusi dugun bezala, S. A. Talleres de Guernica jabe zuena, bere administrazio-sailaren egoitza bihurtzeko.

Atzealdea
Atzealdea

Higiezin interesgarri hau, aurreratu bezala Ricardo Bastida Bilboko udaleko arkitekto eta XX. mendeko Bizkaiko arkitekturako teknikaririk bikainetakoak asmatu zuena, déco estetikaren barruan sarturik dago. Estilo horrek, mugimendu modernoaren arkitekturaren bertsio atsegintzat hartu ahal denak, kubismoaren, kostruktibismo errusiarraren eta futurismo italiarraren elementuak hartu zituen, baina leundu zituen haien hasierako erradikaltasuna ezabatzeko eta haiek orokorrean gai arkitektonikoan hasiak ez ziren bezero batez ere burgesentzako erabakigarri eta egokiago egiteko. Hortik datorkio mugimendu horri apainketarekiko gustua, batzuetan oparoa eta ia beti erraztua eta geometrizatua izaten dena, gehienetan izaera figuratiboa galtzen ez duena baina. Estilo horren beste gako bat haren eragin bertikalista da, New Yorkeko etxe-orratzen bolumenen eragina. Hiri hori déco artea garatu zen gune nagusia izan zen, leku erreferentea; Parisen hedatu zen, oso, arte hori, 1925eko Nazioarteko Erakusketari esker.

Fatxada
Fatxada

Ricardo Bastidak gaiaz asko zekiela erakutsi zuen: eragin bertikal nabarmenena agertzen zuen diseinua asmatu zuen. Horretarako baliagarriak izan zituen pilastra estilizatuen eragina, zutabearte meharrak eta, baita, baoen tamaina eta formatua. Itxura hori indartzen joan zen gero hirugarren solairua erantsiz. Horrela, igotzezko tentsioa gehitu zuen fatxada nagusiko erdiko kalea eta muturrekoak garatuz.

Kapitela
Kapitela

Apaintzeko gaiei dagokienez, kapitelen soluzioa bereziki aipatu behar da. Kapitelok gerriko modura ulertuta daude, gustu klasikoko hosto asko eta kartela finak uztaturik. Berauek sinpletzea déco estetikako arauen barruan sartuta dago. Halaber, konpartimentu txikitan muntagaz azpibanatutako leihoak sartuta daudela adierazi behar da. Haiek, beste egitura-planteamendu bezala, ingeles eragin handikoak dira, XX. mendearen hasierako Bizkaiko arkitekturako britainiar ereduen eragin handiarekin bat etorririk.

Astrako orubean, atzeko aldean, gerra zibilaren garaiko bunkerra dago. Antza denez, lantegiko langileak eta senitartekoak ezkuta zitezen eraikita dago.

raikinaren eskumatara bunkerra dago
Eraikinaren eskumatara bunkerra dago

Gernika-Lumoko hiribilduan, Amorebieta-Etxano-Gernika-Lumo-Sukarrieta trenbidearen ondoan kokatuta dagoen eraikin honetako fabrikak 1997an utzi zion jarduteari. Egun, Astrako eraikina eta orubearen zati bat Gernika-Lumoko Udalarena da. Bertan, Astra Gernikentzako herri-mugimenduak hiritar guztiei zuzendutako ekimen kulturalak aurrera eramaten ari da. Horregatik, eraikina bisitatzeko eragozpenik ez dago kolektibo horretako baten batekin kontaktatu ezkero.

Informazio gehiagorako:

www.astragernika.net

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.