Urdaibai Biosfera Erreserba » Entorno » Geología

6. Urdaibaiko mineralak

BUSTURIALDEKO MINERALAK

Busturialdearen bilakaera geologikoa konplexua izan da oso. Jurasikotik egunerarte gertatutako prozesu geologiko desberdinen ( sumendiak, arro sedimentarioak, plaken mugimenduen...) eraginez harri- eta mineral-mota desberdin ugari eta bereziak sortu dira. Batzuk mineral ezagun eta bereizgarriak dira, kaltzita eta kuartzoa esate baterako. Besteak ikusgarriak bezain ezezagunak, datolitak kasu. Artikulu honetan Busturialdeko mineralen gaian jakingura suspertu nahi denez ahalik eta informaziorik zehatzena eta laburbilduena emango da, azalpen geologiko konplexuak alde batera utzita. Mineralak ezagunak egiten joateko ezinbestekoak diren oharrekin hasi eta Busturialdean aurki daitezkeenen zenbait adibide emanez amaituko dugu, dena taula eta bestelako material grafiko adierazgarri eta lagungarriz hornituta.

Ezer baino lehenago minerala zer den jakitea komeni da. Definizio zehatza eta, era berean, ulerterrazaren bat ematekotan hurrengokoa eman daiteke: Minerala substantzia naturala, konposizio kimiko jakinduna, zeinean bere osagai kimikoak kristalizazio-sistema baten arabera ordenaturik dituen. Definizio honetatik sustantzia artifizialak baztertu behar dira. Mineralen adibide moduan hauetxek ditugu: kuartzoa, kaltzita, gatza, izotza, grafitoa...

NOLA BEREIZTU MINERALAK ?

Mineralen bereizketan pentsatzen hasiez gero derrigorrezkoa gertatuko zaigu erakusten dituzten propietateak ezagutzea, horien arabera bereizi eta sailkatu egiten baitira. Hona hemen begibistaz bereizteko erabili behar diren propietate adierazgarri edo bereizgarriak.

  • Kolorea.
    Mineralean begibistaz ikus daitezkeen koloreak. Mineral baten kolorea aldakorra izan daiteke, konposizio kimiko eta propietate fisikoen arabera. Adibidez, kuartzoa zuria, horia, gorria, morea edota gardena izan daiteke. Horrez gain, mineral askok ez du kolore jakinik eta gardena agertzen dira, kuartzoa kasu.
  • Marra-kolorea.
    Minerala, bera, baino gogorragoa den beste material batekin marratzean sortzen den mineral-hautsaren koloreari deritzo. Ez du zerikusirik mineralak marratu orduko zeukan kolorearekin. Esate baterako, pirita hori kolorekoa da, baina marratzerakoan hauts berde-beltza ematen du.
  • Gogortasuna
    Mineralak bera marratzeko mementuan erakusten duen erresitentziari deritzo. Gogortasun eskala desberdinak erabiltzen dira, baina Mohs-ena sinpleena eta erabilgarriena da mineralak bereizten hasteko.
  • Mineralen formak (Morfologia).
    Mineralaren kanpoko formari habitoa esaten zaio. Mineralen kanpoko forma era geometrikoan edo masiboan ager daitezke. Era masiboan agertzen badira, kanpoko forma geometrikorik jakin gabe agertzen dira. Adibidez, goethita. Ondo kristalizaturik agertzen badira, forma geometrikoak emanez ager daitezke. Forma guztietako kristalak exisitzen dira. Gainera, kristalak multzoka edo eta era isolatuan ager daitezke (ikus kristalen formen taula ).
    Kristalak ( mineral guztiak definizioaz ) era berean hainbeste izenekin deskriba daitezke beraien sistema kristalinoa kontuan hartuz: kristal erronbikoak, ortorronbikoak, tetragonalak, etabar.
    Kaltzita esaterako 2.000 forma desberdin baino gehiagotan aurkitu da gaur arte. Normalean, ordea, mineral-mota bakoitza 2-3 forma desberdinetan agertzen da gehienetan. Mineral desberdin bik kanpoko forma berdina eman dezakete eta, batzuetan, zaila izaten da biak kanpoko itxuran oinarrituta bereiztea. Esate baterako, zelestina eta zerusita.
  • Xaflakortasuna.
    Mineral batek xafletan apurtzeko duen joera da. 3 xaflaketa graduak bereizten dira. Ez da nahastu behar harria eta minerala. Harria hainbat mineral desberdinez osaturik egon daiteke, harri poliminerala (granitoa harria dena, kuartzoz, mikaz eta feldespatoz dago osatuta), edota bakar batez, monominerala, kararria esaterako kaltzitaz ia soilik osotuta dagoelako.

NON AURKITU DAITEZKE MINERALAK BUSTURIALDEAN ?

Mineralak nonahi ditugu gure inguruan. Harri eta lurzoru guztietan, baina Busturialdean mineralik ikusgarrienak eta, batez ere bereizgarrienak, honako harri eta ingurunetan aurki ditzakegu.

  • Ingurune bolkanikoetan: Basaltozko harri bolkanikoetan.
    Hauek ez dira zailak bereizteko. Itxura borobilduak ematen dituzte, boloak bezala. Ugariak dira Busturialdean, bailara osoa zeharkatzen duten harriak baitira. Ikusgarrienak, Errigoitin eta Arratzun ditugu. Hauek bide ertzetik ikus daitezke. Ur azpiko bolkanetako labak hoztutakoan sortutako harri hauek “laba kuxintsuak” edota “Pillow labak” moduan ere ezagunak dira erakusten duten kuxin-itxura horregatik.
    Kanpoko partea masa konpaktoa da, zeinean apenas kristalik ikusten den. Zenbat eta erdigunerago joan hainbat eta kristal handiagoak ikusten dira, eta noizbehinka geodak ere ager daitezke erdiko gunean. Geoda hauetan mineral-multzo ikusgarriak topa ditzakegu: kuartzoak, kaltzitak, datolitak, epidotak, etabar. Batzutan oso ondo kristalizatutakoak eta zentrimetrikoak izan daitezke. Basaltoekin batera hematites ere agertzen da kristal txiki, xafla edota patinetan. Piroxenoak ager daitezke baina epidotaturik gehinetan. Gune hau inguratuz kaltzitako txinportak izaten dira, pirita ere asoziaturik ager daitekeelarik.
    Masa honetan plagioklasak eta piroxenoak dira nagusi, rutilo eta ilmenita elkarturik, baina kristalen tamaina hain txikia denez bereizgarriak izateko mikroskopioa behar da kasurik gehienetan.
  • Ingurune tektonikoetan: Faila eta diaklasetan.
    Faila eta diaklasak harrien arteko haustura-azalerak dira. Hauetatik fluidoak pasatzerakoan mineralizazioak utz ditzakete, drusak, patinak etabar emanez. Batzutan, harrian bertan eta arrazoi desberdinagatik birkristalizazio-prozesuak direla medio mineralizaziozko zainak sor daitezke.

    Mineralizaziozko zainak

    Drusak kuartzozkoak edota kaltzitakoak dira gehienetan, kristal milimetriko eta zentimetrikoak emanez, baina oso ondo garatutakoak, lupa erabiliz oso ondo ikusten direnak. Berde koloreko epidota ere aurki dezakegu faila-azalera batzuetan.
    Burdin oxidozko patinak ere ugariak dira mota hauetako inguruneetan. Kolore marroixka hartzen dute eta ez dute begibistako kristalik ematen.
    Aipatutako konposaketa kimikoa duten mineralen artean limonita eta goethitak besteak beste ditugu, baina oso zailak dira bereizteko krista mikroskopikoetan.
  • Harri sedimentarioetan
    Busturialdean harririk ugarienak sedimentarioak (konglomeratuak, harearriak, margak, kararriak... ) dira. Hauetan koartzoa, kaltzita eta buztin-mineralak dira nagusi eta harri horien masa osotzen dituzten bikorrak txikiak dira. Begibistaz ezin dira gehienetan bereiztu eta nomalean ez dute jatorrizko kanpoko forma kristalinorik kontserbatzen. Elantxobe eta Bermeoko itsaslabarretan buztin beltzekin batera ikatz-zatiak eta pirita franboidalak ere aurki daitezke. Piritazko kuboak zenbait Arteagako kararrietan ere aurkitu ohi dira.
    Igeltsuak paduretako sedimentuekin estalita ageri dira. Laida inguruko kararrizko paretatan hauen aztarnak aurki daitezke. Masa gorri plastiko moduan ageri dira.
    Itsaslabarretako konglomeratuetan aski ikusten dira granitozko bikorrak, hau da, harri zati bat bestearen barruan. Bikor hauetan kuartzoa, feldespatoa, biotita eta Fe-Ti oxidoetako mineralak ageri dira.

MINERALEKIN ARITZEKO ZER JAKIN BEHAR DA ?

Edozein naturzalek bere burua kokatzen lagunduko dion mapa topografikoa eskutartean izatea ezinbestekotzat jo beharko luke. Bestalde, eta mineralekin sartuta, esan behar mineralak aztertzeko lagungarria direla oso gutxienez 5 handipenezko lupa bat eta mailu eta zizel txikiren bat eramatea laginak begiratzeko eta eskuratzeko. Horretaz gain, komenigarria da azido klorhidrikozko potetxo bat eramatea (kontuz, azala erre dezake), eta noski, gure mineralak bereizteko gidaz gain, argazkiak dituzten eskuzko liburuskak. Eskuratutakoa etxera eramatea okurritzen bazaigu gogora dezagun oso ondo etortzen dela laginentzako kutxa bertan izatea, barnean kotoia badu askoz ere hobe. Eta nola ez, pazientzia handia ere !!!.

ZER-NOLAKO PORTAERA IZAN BEHAR DUT MINERALEKIN ARITZEKO ?

Naturara hurbiltzen garen bakoitzean kontuan izan behar da zenbait arau sinple bete behar direla. Ez ahaztu beraz ondoko arauak:

  • Leku batzuetara iristeko dauden murrizketak errespetatu behar dira beti.
  • Ez sartu inoiz bertan behera utzitako mehategietan, ezta bakarrik leize edo kobazuloetara.
  • Kostaldeko aldeetan itsasaldien gorabeherak ezagunak izan behar dituzu.
  • Ez hartu inoiz ere estalaktitarik, babestuta egoteaz aparte 1 cm sortzeko 1000 urte inguru behar direlako. Mineralak hartu nahi badituzu ahal den eta lagin gutxien hartu, horiek denonak direnez, hobe daude beren jatorrizko lekuan, zaborrontzian baino.
  • Ez fidatu harkaitz, labar-malda eta arrisku-lekuetaz; interesguneak ikustea da kontua, ez istripuak sorteraztea.

Orain badakigu landare eta animaliez gain, Busturialdean badirela natura aberasten dituzten beste zenbait osagai, mineralak, harriak eta bestelako egitura geologikoak besteak beste. Beharbada, ez dira Brasileko geodak edota Uraletako malakitak bezalako ale deigarriak izango, baina, halere, bere neurrian, oso interesgarriak diren aurkitu dira, Errigoitiko datolitak kasu. Horiek aztertuez gero geure eskualdeak izan duen bilakaera ebolutiboa, hau da, gure aurrehistoriaren aurrehistoria, nolakoa izan den jakin ahal izango dugu.

BIBLIOGRAFIA

  • Bizkaiko interes geologikoko guneak. Bizkaiko Foru Aldundia///Kultura Saila//Lurralde-artezlanetarako Bizkaiko Iraskundea, Bilbo, 1990.
  • Manual para coleccionistas de rocas y minerales: Cómo buscarlos, conservarlos y clasificarlos. SCHUMANN, WALTER (1997). Omega Argitaletxea, Bartzelona.
  • Manual de Identificación de Rocas y Minerales. PELLANT, CHRIS (1993). Omega Argitaletxea, Bartzelona.
  • Minerales y fósiles. JIMENEZ, SANTIAGO (1989). Iberdueroko Mineralogia eta Paleontologia Saila.

KOORDINAZIOA

Txepetxa-Urdaibaiko Ekologistak
Koldo Lezamiz

EGILEAK

Argazkiak: Koldo Lezamiz
Testua eta marrazkiak: Asier Oleaga Ordax

KONTAKTURAKO HELBIDEA

Asier Oleaga Ordax
157 Postakutxatila
48300 Gernika-Lumo
Bizkaia

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Contacta con nosotros: galtzagorriak@urdaibai.org

Patrocinadores: Gobierno Vasco, Ayuntamiento de Gernika-Lumo y Reserva de la Biosfera de Urdaibai.