Urdaibai Reserva de la Biosfera » Euskara

Diccionario de Nabarniz

Sarrera

Sarrera burua letra lodiz eman da, amaieran puntua duela. Mugatzailea onartzen duten berbetan, forma mugagabea zein mugatua ezarri dira, koma batez bereizita (apur, apurre.). Forma mugagabea nagusitzat hartu da eta letra tamaina handixeagoan idatzi da. Hala eta guztiz ere, kasu banaka batzuetan forma bakarra batu da, eta, horrenbestez, hura baino ez da ezarri.

Mugagabe eta mugatuen bereizketari dagokionez, aipatu beharra dago berba batzuetan bikoiztasun bat izaten dela, esate baterako, -keridxe atzizkia duten berbetan edo karabidxe berban, alegia, batzuetan karabi- karabidxe bikotea batu da eta beste batzuetan karabidxe- karabidxie.

Aditzei dagokienez, sarrera buruan era burutua eta ez burutua ezarri dira, koma batez bereizita, beti ere biak jaso diren kasuetan. Era burutua letra handixeagoan idatzi da. Sarrera buruaren amaieran puntua ezarri da (apurtu, apurtzen.).

Atal honetan zailtasun handiak izan dira. Alde batetik, lexikoaren normalizatze lanak, orain arte, hizkuntza estandarrera bideratu dira batik bat, eta horregatik ez dira normalizatu gaur egun ahozko bizkaieraz korritzen duten berba asko, edota baztertuta gelditu dira hitzak eraldatzen dituzten fenomeno fonetiko dialektal asko, nahiz eta euskalkiaren barruan hedapen handia izan. Beste alde batetik, bizkaierazko lexikoa ere oraindik normalizatu barik dago, nahiz eta ahalegin batzuk egin diren han eta hemen. Horren ondorioz, askotan ez da erraza izan forma normalizatuak -batez ere, bizkai eredukoak- proposatzea. Esate baterako, bijutz sarreran (BIJAHUTS, bidaia -huts-bat .) proposatu da, hiztegietan haren aztarrenik aurkitu ez arren. Beharleku honetan, oinarri sendorik aurkitu ez denean, Nabarnizko berbetari estuago jarraitu zaio, batzuek estuegi iritzi liezaioketela jakin arren. Nolanahi ere, herri bateko hiztegi dialektala denez gero, normalizazioaren atal honetan irizpide malguagoak erabiltzeko lizentzia hartu da. Horrela, bada, baridxeku sarreran (BARIAKU, bariku-bat.) agertzen da, hau da, Bizkaiko alderdi zabal batean erabiltzen den forma proposatu da "bizkaierazko" forma normalizatutzat, eta 'bariku', berriz, "euskara batuko" formatzat. Ildo horretan, gogorarazi beharra dago proposamen horien xedea dela erraztasunak ematea edo bide posible batzuk erakustea ahozko formatik gaur egun zabalduta dauden edo zabaltzen hasi diren ereduetara igarotzeko. Hortaz, irakurleak erabakiko du zein forma (euskara batukoa edo bizkaierazkoa) erabili behar duen eta proposatutako forma egokia den. Hemen proposatutako forma asko era horretan ulertu behar dira, mendebaldeko lexikoaren normalizazioa egiteko, eremu geografiko zabalagoa hartu behar baita oinarritzat, literatur tradizioa ahaztu barik. Hiztegi honek, ostera, oso eremu geografiko txikia aztertu du, eta gaur egungo ahozko hizkuntzara mugatu da.

Forma normalizatuaren ondoren, sarreraren gaztelaniazko adiera ezarri da. Berba askok adiera bat baino gehiago izaten dituzte eta bakoitzari zenbaki bat ezarri zaio aurretik. Animaliei eta landareei dagokienez, izen zientifikoa jarri da, halakorik aurkitu den guztietan. Haur hizkerako hitz edo adieretan (Haur.) laburdura ezarri da. Adierak emateko, gehienbat, ondorengo hiztegi hauek erabili dira: R.M. Azkueren Diccionario VascoEspañol-Francés, Plácido Mujikaren Diccionario Vasco-Castellano, Elhuyar Hiztegia, 3.000 Hiztegia, Juan Martin Elexpururen Bergara Aldeko Lexikoa, Emiliano Arriagaren Lexicón Bilbaíno, RAEren Diccionario de la Lengua Española eta María Molineren Diccionario de Uso del Español.

Nabarnizko hizkeran sinonimotzat jo daitezkeen berbak ere aipatu dira Sin. laburduraren bidez. Askotan, sinonimotzat jo barik, sarrerako berbaren eremu semantiko berdintsuko berba bat edo gehiago ezarri dira, Ik. laburduraren bidez. Inoiz, azalpen osagarri bat edo beste gehitu da, euskaraz. Adibide bati buruzko azalpena eman denean,  ikurra erabili da. Batzuetan sarrera bitan edo gehiagotan zenbakiak ezarri dira sarrera buruaren aurretik. Horrek esan nahi du, alde batetik, berba horiek, grafia bera izan arren, kategoria gramatikal desberdina dutela, edo, bestetik, izatez, berba desberdinak izan arren, nabarniztarrek berdin ahoskatzen dutela (erren-herren/erren-errain).

Adibideak letra etzanean eman dira. Adibide bakoitzaren aurretik ¦ zeinua ezarri da. Adibideok izan daitezke berba bikoak, esaldi batekoak edo esaldi gehiagokoak. Hasieran aipatu den bezala, adibideok erakusten digute berbak zein testuinguru zehatzetan agertu ohi diren, zein berbaren ondoan jarri ahal diren edo ezin diren, esaldiaren barruan zelan josi behar diren eta beste xehetasun batzuk. Adibideetan agertzen da argien zelakoa den Nabarnizen hitz egiten den euskara.

Adibide guzti-guztiak grabazioetan batutakoak dira eta euren hartan transkribatu dira, ezer gehitu, kendu edo moldatu barik. Kasu batzuetan, berriemaileei eurei eskatu zaie berbak definitzeko, jakingarri iritzi baitzaio berben adierak haien erabiltzaileek eurek mugarritzeari. Kasurik gehienetan, ordea, berbetaldi bateko atal bat ekarri da hiztegira, testuinguru jakin bati dagokiola. Inoiz, berriemaileei berba biren adieren arteko desberdintasunak zehazteko eskatu zaie, era horretan azaltzen baitira, askotan, inguru horretako berbeta ez dakitenentzat hain begi bistakoak izaten ez diren ñabardura asko. Sarrera nagusiaren barruan azpi sarrerak ezarri dira. Azpi sarrerok erabilera edo esanahi bereziko esapide eta hitz elkarketak izaten dira. Bakoitzaren aurrean  ikurra ipini da. Azpi sarreraren burua letra lodiz eman da, eta amaieran puntua ezarri. Azpi sarreren sailean nolabaiteko ordenari jarraitu nahi izan zaio. Lehenengo, aurretik sarrera nagusiko berba duten hitz elkarketak ezarri dira; ondoren, atzetik sarrera nagusiko berba dutenak, eta, azkenik, aditz batekin osatu direnak edo bestelako esapideak (arto kapasie, kanpo artue, artue garandu ).

Sarrera hau ezin da amaitu berriemaile izan diren nabarniztarrei euren laguntasuna eta prestutasuna eskertu barik.

Nabarnizko Hiztegiaren zati bat deskargatu (.pdf 124 KB)

INFORMAZIO GEHIAGORAKO:

Alberto Mtz. de la Cuadra
Zamudioko Udaleko itzultzailea: itzultz.zamudio@bizkaia.org:
©Mendebalde Kultura Alkartea, 2003 29
www.mendebalde.com

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Contacta con nosotros: galtzagorriak@urdaibai.org

Patrocinadores: Gobierno Vasco, Ayuntamiento de Gernika-Lumo y Reserva de la Biosfera de Urdaibai.