80. hamarkadan Gernika / Mundaka / Urdaibaiko Itsasadarraren babesaren aldeko mugimendu aktiboa sortu zen.
Busturialdeko eskualdearen garrantzi ekologikoa, etnografikoa, arkeologikoa eta historikoa ikusirik, bai eta eskualde honetarako planteatzen ari ziren aprobetxamendu-asmoek beldurtuta ere, ordurarte zentral nuklearren kontra lan egin zuen zenbait pertsona elkartu eta Gernikako Itsasadarraren eta bere inguruaren defentsarako mugimendua garatzea erabaki zuten.
Horrela bada, 1976 eta 1977 urteen artean, Zain Dezagun Busturialdea (gaur egun Zain Dezagun Urdaibai ) elkartea sortu zen. Talde honek, eskualdeko ingurumenaren aurka gertatzen ari ziren gertaeren aurrean protesta- eta salaketa-kanpaina ugari jarri zituen martxan.
Beranduago, 1982. urtean, Gernika-Lumoko Ekologi Lan Taldea sortu zen.
Aurreko talde biak lanean diraute oraindik ere. Ondoren, naturaren edo ingurumenaren aldeko taldeak- Eguzki, Eki, Bermeoko Ekologi Lan Taldea... edo beste era bateko arloak lantzen zituzten taldeak -Agiri, Arkeologian; Aixerreku, natur gidaritzan, edo Urdaibai Txatxi, kulturan orokorrean, adibide batzuk aipatzeagatik - sortu ziren.
Apurka-apurka bazen ere, borroka horren fruituak batzen hasi ginen eta, horrela, 1984ko abenduaren 7an, UNESCO nazioarteko erakundeak, "Gizakia eta Biosfera" (MAB, "Man and Biosphere") programa barnean, Biosferako Erreserba izendatu zuen Urdaibai.
Hartutako erabaki hori eduki gabeko erabakia zela talde horiek guztiek onartu bagenuen ere, eskualdearen babesarako eta kontserbaziorako aurrerapausu handitzat jo genuen. Baina poztasun-momentuak ez ziren hor amaitu. Eztabaida luzearen ostean, 1989ko uztailaren 6an, San Fermin Bizperan, Eusko Legebiltzarrak Urdaibaiko Biosferako Erreserbaren Babes eta Antolaketa Legea onartu zuelako azkenean.
Legearen 1 artikuluan, "Helburua eta Xedea" deitutako atalean ondokoa irakur daiteke testualki: "Lege honen helburua Urdaibai Biosfera-Erreserbarako jaurpide juridiko berezia ezartzea da, osotasuna babestu eta errekuperazioa sustatzeko; hain zuzen ere, gea, flora, fauna, paisajea, ura eta atmosfera eta, orokorrean, bertako ekosistema-multzoa, hauen garrantzia aintzat izanik natura, zientzia, hezkuntza, kultura, aisia eta sozioekonomikoa ikuspegitik.
Urdaibaiko Legea bere osotasunean garatzea eta lehen helburuak planteatzen zuena errealitate bihurtzea baino ez zen geratzen. Horretarako, ezinbestekoa zen Urdaibaiko Legearen garapenaren tresnak diren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria (EKEG), bai eta Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapen eta Garapenerako Egitaraua (JASEGE) ere, prestatzea, aprobatzea eta inplementatzea.
Baina mugimendi kontserbazionistaren ustetan zegoena betetzear zegoen. Hasierako testua interesgarria zen oso, baina, azkenean 1989an aprobatu zena Biosfera-Erreserbaren ustiaketa inolako eusgarritasun-irizpiderik gabe egitea baimendu zuen, ia-ia 20 urte ondoren ederki ikus daitekeen.
Testu-inguru horretan eta orduko Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Lurralde-Antolaketa Sailak EAE osoan Ingurumen Boluntariotza indartzeko zuen gogoan oinarritu ginen Urdaibai Biosfera-Erreserbaren aldeko ingurumen-boluntarioen plataforma eratzeko. Antolaketa honek bi helburu nagusi izan zituen: alde batetik, euskal administrazioak EKEGaren edukiak garatzera bultzatu eta, bestetik, babesgune honetako biztanleriak orduan zuen eta oriandik duen Biosfera-Erreserbarekiko desinteresa edo "gorputz txarra" neutralizatzeko, hots, den-dena dela debekatzea eta ezertxo ere ez aukerak iritziak neutralizatzeko.
Lehen topaketan, garai batean Biosfera-Erreserbaren alde lan egin zuten eta orduan bizirik irauten zuten bost taldeak indarrak eta egonezinak batu nahi izan zuten Urdaibaiko Galtzagorriak izenarekin. Izen hau jartzea bere jatorriagatik (euskal folkloreko ipotxa da, galtza gorriz jantzita doana, eta gizakiek erabiltzen dutena mirariak egiteko trukean ezertxo ere eskatu gabe eta betiere izkutuan lan eginez) erabaki zen.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.