LABURPENA
2002ko uztailean eta abuztuan Busturiako San Bartolomé Auzoko Lekozaisko eremuan txakolinarako mahats-parren lehengoratzea jarri zen martxan. Ekimen honek ohiartzun zabala izan zuen Busturialdeko eskualdean. Baina Txakolirako Mahats-Parren Bila: Lehengoratzeko Proposamena izenerakin ezaguna zen proiektua bi urte lehenago zegoen hasita. Garrantzi etnografiko handiko egitura honen gainean informazioa biltzen hasi ginenetik, amaierararte, mahats-parren lehengoratzeraino, egindakoa kontatzen da.
XII. mendetik aurrera hasi zen mahatsondoen erabilpena baserri inguruko lurretan txakolia egiteko. Egitura hauek sortu omen ziren mahats-mordoek lurreko hezetasunarekin kontaktuan jartzeak zekarren ustelketa ekiditeko, egitura horien gainean haziz gero kontaktu hori saihestu egiten baizen. Mahats-parra eredu desberdinak badaude ere arreta gehien deitu diguna harri-hormazko zutabe tronkokonikoak dituena izan da. Azken sistema hau, antza denez, Miguel de Andia Jaunak, "el caballerito" ezizenez ezagunagoa, asmatu omen zuen XVIII. mendearen inguruan.
Lur-jabe txiki eta ertainen artean gehiago eman da harri-hormazko zutabeen erabilpena mahatsondoen laborantzan. Seguruenez beren errenta txikiak handitzeko. Lur-jabe handien artean ez zen horrenbeste erabili oso gutxitan agertzen zirelako handik, ez baiziren udalerrian bertan bizi.
Eskualdeko mahats-parra desberdinen argazkiak [+]
NOLA GAUZATU ZEN TXAKOLIRAKO MAHATSPARREN BILA: ZAHARBERRITZEKO PROPOSAMENA?
Harri-hormazko zutabe tronkokonikoen behaketa ez zen oso zaila izan Busturialdeko kostaldeko zati handi batean nonahi aurki baitzitezkeen egitura hauek. Baina horrelakoen ondotik behin eta berriro pasatu arren 2000 urteko hasiera arte ez ginen konturatu Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioaren aldetik egitura horien agerpenaren arrazoia ez zela kasualitatezko zerbait, zeren eta Forua edo Gautegiz-Arteaga bezalako hain eremu desberdinetan ikus daitezkeelako. Horrela, gure buruari galdera desberdinak egien hasi genizkion. Horien artean ondokoak: zertarako erabiliko ote dira? Urdaibai Biosfera-Erreserba osoan agertuko al dira? eta Bizkaiko beste lekuetan? eraikitzeko eredu bera erabiliko ote dute?...
Hainbeste zalantza genuenez Urdaibai Biosfera-Erreserbako udalerri batzuetan zutabeak agertzen ba ote ziren aztertzea pentsatzen hasi ginen. Asmoa ez zen proiektu zientifikoa izatea, lortutako informazioa gure artean izatea baino. Horrela, urte bereko aste santuko oporraldian, horretan abiatzea erabaki genuen. Egoera onean zegoen mahats-parra baten argazkia egin, DIN-A4ra handitu eta, azkenez, plastifikatu egin genuen. Berau hartu eta babesgune honetako zenbait udalerriko auzoetan oraindik bizirik irauten zuten agure-atsoei mahatsondoa eta zutabe tronkokonikoak ezagunak zituzten ala ez galdeska hasi genien. Ez genuen Urdaibai osoa egin, baina bai egon ginela Elantxoben, Ibarrangelun, Eren'on, Nabarnizen, Mendatan, Muxikan, Bermeon, Mundakan, Sukarrietan, Arrietan, Busturian... eta, ondoren, hemendik at dauden beste zenbaitetan, Bakio eta Lemoiz esaterako.
Lan zientifikoa izan ez arren oso ondorio interesgarriak ateratzeko parada izan genuen. Lehendabizikoa hauxe da: Oso altuera handian kokatutako azuoetan, Muxikako Maume esaterako, mahatsondoak aspalditik lantzen zirela, zutabe tronkokonikoen erabilpena ezezaguna bazuten ere. Beste era bateko mahatsparra bai zutela ezagun, hegoaldera begira dagoen egurrezko zutabeen gainean edo baserriaren aurreko horman kokatutakoa alegia. Izan ere, azken hauxe da bigarren ondorioa. Hirugarrena hau izan daiteke: Urdaibai Biosfera-Erreserbaren beheko aldera edo kostaldera jaisten joan ahala egurren gaineko eta baserriaren aurreko hormako mahats-parren ereduak desagertzen doazela eta horma-harrizko zutabe tronkokonikoen eredua nagusitzen doala, Mundakako leku garaia den Agirre Auzoan zein Bizkaiko beste zenbait leku garaietan, Plentziako Andraka Auzoan adibidez, aurki daitezkeen moduan. Zergatik? Baliteke arroka-mota hau ustiatzen dituzten harrobien agerpena izatea galdera horren erantzuna. Guk geuk ez dugu erantzungo. Galdera airean utzi nahi dugu, gai honetan jaioagoa den beste norbaitek ia erantzunen bat propsoatzen duen.
Beste ondorio bat atera dezakegu, formari dagokiona hain zuzen ere. Estilo orokorra dagoela argi dago: Zutabe tronkokonikoak, kareharrizko harriz gehienbat, hareharriz edota burdinolen hondakinez egindakoak, forma zirkularreko harri zapalezko txapela zutabeen gainaldean... Txapel honen gainean egurrezko egitura kokatzen zen, bertoko herritar batzuen ustez gaztainondoz egindakoak. Zutabearen altuera eta lodiera aldakorrak dira.
Azken ondorioa interesgarria bezain bitxia da, izan ere zutabeak ilada bakar baten, belardietan adibidez, zein bi ilada paraleloetan, ilada bakoitza gurdibidearen alde batean, ager daitezke. Azken kasu honetan, zutabeak, harri-horman apoiatzen diren bitartean aurreko kasuko zutabeak zuzen-zuzen zoruaren gainean.
Informazio hau bildu ostean eta Urdaibaiko Ingurumen Boluntarioen Federazioak gure ondarea lehengoratzen eta aintzat hartzen duela bi urtetik zuen eskarmentuan oinarriturik egitura etnografiko hauetako bat ere lehengoratzeko aukera planteiatzea aztertzen hasi ginen. Zaharberritzeko egoerarik hoberenean zeudenetatik hiru aukeratu genituen. Bat Busturiako San Bartolomé Auzoan, beste bat Ibarrangeluko Akorda Auzoan eta hirugarrena Gautegiz-Arteagako Islas Auzoan. Hirurek aurkezten zituzten antzeko ezaugarriak: bidearen alde bietara zeuden, euren artean kotxeak ezin pasa zitezkeen eta kontserbazio-egoera ona izanik ere ez zen izugarri ona. Pentsa ezazue, beraz, besteak nola egongo ziren.
Azkenean, Busturiakoa aukeratu genuen hiru arrazoi zirela medio: sarrera hobeagoa izatea, gaiaren adibideak ikustea (txakolirako mahats-ustiaketa dagoelako gertu) erraza izatea eta hain egoera kaskarrean ez egotea.
NORANTZ JO ZUEN TXAKOLIRAKO MAHATS-PARREN BILA: ZAHARBERRITZEKO PROPOSAMENA ZERITZON PROIEKTUAK?
2001 urte osoa horretara zuzendu genuen.
Proiektu hau gauza zedin erakunde publiko zein pribatuen laguntza ekonomikoen bila abiatu ginen. Lehendabizi, lehengoratzeko eta aintzat hartzeko proiektu teknikoa prestatu genuen, eta ondoren, Urremendi-Busturialdeko Mendi Nekazaritza Elkartearekin, Busturiako Udalarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Maier plastikoen kooperatibarekin eta Ebaki egur-enpresarekin kontaktatzen hasi ginen. Baina luzatutako eskaera soilik erakunde bik onartu zuten. Batetik, Busturiako Udalak, 6.000 euroko diru-laguntza emanez, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzako Lurralde-Antolaketa eta Ingurumen Saileko Biodibertsitate Zuzendaritzak, 9.000 euroko diru-laguntza emanez.
Proiektu teknikoa kontsultatzeko [+] (.pdf 38 KB)
Laguntza ekonomikoa lortu ostean zenbait ideia argitzea geratzen zitzaizkgun, ekimenaren kokapena zein izango zen esango zutena azkenean hain zuzen ere.
Gu, Federazio moduan, ekimena lurtzoru publikoan aurrera eraman behar zela argi eta garbi geneukan eta, horrela ezean, lurren jabegoa eta lehengoratzearen ostean lortutako ekoizpena denbora jakinean herriaren eskuetan egongo zela ziurtatzen zuen agiria sinatu behar zutela. Bidearekin ez zen sortu inolako arazorik, gurdi-bidea zen-eta. Bidearen hegaletan zeuden harri-hormekin eta, beraz, zutabe tronkokonikoekin, beste kontu bat izan zen. Pribatuak zirenez, jabearekin hitz egin eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko kontratua sinatu behar zuela proposatu zitzaion. Ezezko borobila eman zion egindako proposamenari.
Egoera hori gerta zitekeela bagenekien, baina ez genuen, hasieran, kontuan izan. Busturiako udalak emandako diru-laguntza onartuz gero Busturiako udalerrian derrigorrez egin behar genuen. Horrela bada, lehengoratzeko ondo zeuden lekuak aztertu eta bakar bat hautatu genuen: Lekozaisko mahats-parrak, errege-bidean edo arrain eta ardoaren bidearen gainean alegia. Bidearen albo bietara zutabeak eraikitzeko aukera ematen zuen. Ez zegoen modurik kotxez zeharkatzeko. Hemen bidea publikoa zen eta zutabeen jabeek inolako eragozpenik barik baimena eman zuten proiektu hor bertan aurrera eraman zedin. Etorkizunean, egon zitezkeen arazoak saihesteko baimena ematea onartzen zuten kontratua sinatu zuten.
ZAHARBERRITZEAREN PROPOSAMENA ETA AINTZAT HARTZEA LAN-EREMUAN
Izapide guztiak beteta izanik, beste erabateko lanari ekin genion.
2002ko uztaila eta abuztuko zenbait asteburutan, eguneko ordu txikietatik handietara, eta parte-hartu zuten pertsonen laguntzarekin leku horri itxura berria ematea lortu genuen.
Horretan eman genuen lehen asteburua uztaileko 13 (larunbata) eta 14koa (igandea) izan zen. Larunbatean, bidea sastrakaz eta hondarrez garbitu genuen, bai eta hegalak ere. Edozein angelutik ondo lan egiteko bezain garbi uzten saiatu ginen. Ondoren, asteburu honetan, harri-horma erortzeko arrisku handia zegoen tokian horma bera egonkortzen, desegiten eta berriro eraikitzen aritu ginen.
Asteburu desberdinetan (uztaileko 20 eta 21an, 27 eta 28an) eta beste egun batzuetan (uztailaren 25, asteazkena) ere harri-hormak, zutabe tronkokonikoak, eskumako hormako zutabeen oinarriak eraikitzeari ekin genion. Aurrekoarekin batera, erdi aroko bidea (hasierako aldean) garbitzen eta azaleratzen ibili ginen.
Egun hauetan guztietan parte-hartzea ona izan zen oso. 15 bat pertsona, larunbateetan gehiago igandeetan baino, ibili ginen egunero lanean.
Egunak beroak ziren eta harrien eta zementuaren artean lan egiteak oraindik neketsuagoa izatea egiten zuen. Eskerrak intendentziakoek prestatutako hamaiketakoa eta janaria ugari eta gozoa zela, indarrak berritzeko ezin hobeto etorri zitzaigulako.
2002ko uztailaren 25an, asteazkenean, aurrekoarekin batera, bidea zementuz garbitu eta mahatsondoak landatu behar ziren aldeetan lur gozoa pilatu egin genuen.
Lanik gogorrenak amaitu ziren. Orduan, teknikoagoa bai baina eramangarriagoa zen lana geratzen zen: egurrezko egitura prestatzea eta jartzea.
Lan-aldaketa eta horrekin batera eguraldi-aldaketa. Egurrezko egitura egiteko behar izan genituen egun gehienetan euria izan genuen lagunik fidelena, tresna elektrikoak euripean erabili behar zituzten pertsonen kalterako. Eta benetan behar zirela tresna elektrikoak!
Hemen, eta lanaren prozesu osoan, ardura tekniko guztia Harri ta Lur Baserri Lan eraikuntza-enpresako profesional handiek izan zuten. Ezertxo ere kobratu gabe beste edozein boluntario bezain beste lan egin zuten.
Egurrezko egitura eraiki eta jarri abuztuko asteburu desberdinetan (2 eta 3an, 24 ostiralean eta 31 larunbatean) egin genuen.
Egur-egituraz hitz egiten genuen bakoitzean hau esaten genuen: egurra, egur gehiago! Izan ere, egitura hori egiteko egur-kontsumoa oso handia izan zen. Honek hainbeste mahats-parra eraikitzeko beharrezko eskaera asetzeko garai batean genuen basoen kalitatea eta hedadura zein zen burura ekartzen zigun.
Gure kasuan eta kalitatezko bertoko zurik ezean autoklaben tratatutako koniferoen egurra erabili genuen.
Emaitza... argia. Zutabe tronkokonikoak dituen parral ederra.
Ekimenaren oroigarri on moduan, lehengoratzea eta aintzat hartzearekin batera, postaltxo bat argitaratu genuen, Emilio Guinea Lopez ikerleak 1940an argitaratutako Vizcaya y su Paisaje Vegetal liburuan Busturiako Altamiran zegoen mahats-parraren margolana hain zuzen ere.
Eskulana debalde izan zenez emandako dirulaguntzekin egitura hau berreskuratzeak zuen gastuari aurre egiteko aukera izan genuen. Eskulana kontuan hartu bagenu 18.000 euroko diru-gastua izango genukeen.
MAHATS-PARRALA AINTZAT HARTUTA IZAN GINENAREN ETA IZAN BEHARKO GINENAREN ADIBIDE MODUAN
Beranduago, egitura hauek zer diren eta Busturiako Lekozaisko hau nola zahaberritu genuen azalduz interepretazio-panela kokatu genuen bertan.
2002ko neguan etorkizuneko txakolia egiteko oso egokia den Hondarribi Zuri barietateko mahatsondoak landatu genituen. Guztira, 80 landare izan ziren, 40, mahats-parraren alde bakoitzean eta, bi, zutabe tronkokoniko bakoitzeko.
Egunean, eta 5 urte barru arte, mahatsondoak zaintzen ari gara, denbora hori pasatu ostean mahats-mordoak ematen hasiko baitira. Aurreko zainketan huts egindako parrak aldatzearekin batera inusketari ere ekingo diogu.
Lehengoratze prozesuaren argazkiak ikusi nahi badituzu (.pdf 4,45 MB)
Deskargatzeko panela: Urdaibaiko txakoli mahats-parrak (.pdf 2,23 MB)
Amaitzeko esan Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioak Egiten duguna garela esan dezakeela. Izan ere, garai batean hain garrantzitsua zen eta Urdaibaiko baserrietan, auzoetan eta udalerrietan, eta beraz, Euskal Herria osoan, hain onarturik zegoen auzolan-eran garrantzi etnografiko handiko egitura, zutabe tronkokonikoak erabiltzen dituen mahats-parralak alegia, oroigarri izateari utzi eta oraina izatea lortu dugu, eta etorkizuna ere izango delakoan gaude.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.