Urdaibai Biosfera Erreserba » Geografia » Irlak eta uhartetxoak

Txatxarramendi

Sandinderetik Txatxarramendira itsasbeheran oinez egin daitekeen paseo zoragarria dago. Sabino Aranatik Indalencio Prietoraino, gizon handiek ere egin dute. Irlara joateko beste modu bat Sukarrieta eta irla bera lotzen duen zubia gurutzatzea da. Orain dagoen zubiaren ordez beste bat egon zen. Zubi horrek Sukarrietako tren-geltokia hoteleko mailekin lotzen zuen. Pasadan mendeko 1940. urtean bota zuten. Lautada atzean utziz kaiara helduko gara. Urrunean Izaro irla ikusten da, itsasadarra sinbolikoki itxiz.

Txatxarramendi

Txatxarramendi uhartea inguru etnografiko pribilegiatuan dago. Badia hori kabotaje portu gisa erabili zuten erromatarrek k.o. II. mendean. Orain dela gutxi arte “Txatxarramendi Hotel” famatua zegoen bertan (1896-1947), eskualdeko turismoaren aitzindaria eta trena iristearen errudun nagusia. “Paco Hostala” eraiki zen eta hura izan da eskualdeko turismoaren ikurra orain dela gutxi arte (1919-1968). Itsaskia fresko mantentzeko Busturiako Itsasbegiko tren-geltokiaren ondoko eraikina erabiltzen zuten. Hostala itxi eginn zenetik itsaskitegiaren egoera gero eta okerragoa izan da. Horrela, 2002. urtean Urdaibaiko Galtzagorriak-ek itsaskitegia berreskuratzeari ekin zion eta Txatxarramendiko Itsaskitegiaren Itsasgela bihurtu zuen. Egunean, Busturiako Udala-k eta Urdaibaiko Natur Giden Elkartea-Aixerreku-k kudeatzen dute. (Gehiago jakiteko kontsultatu etnografia atala).

Kanala auzotik zetozen harea eta karerako kargalekua ere izan zen. Orain dela gutxi, berriz, Urdaibaiko Artadi kantauriarreko parke botanikoa eta AZTIren, (Arrantza eta Elikagaiak ikertzeko Institutuaren) egoitza jarri zituzten han.

Txatxarramendiko artadia Urdaibaiko artadi multzorik zaharrenatarikoa da, Txatxarramendi hotela egon zenean ondo zaindu baitzuten eta geroztik gaur egunera arte aldizka mantentzeko lanak egin baitira. Izan ere, urtean milaka pertsonak bisitatzen dute eta erabilpen publiko handia du. Mendearen hasieran zuhaixka itxura izan arren, urteak pasa ondoren arteak eta gurbitzak zuhaitz tankera hartu dute eta eskualdeko ale berezi bihurtu dira.

Txatxarramendiko parke botanikoa bertako espezieak interpretatzeko eta identifikatzeko eremu bihurtzeko egokitu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 2000. urtean. Egokitzapen lanetan zuhaitz espezieak identifikatzeko plakak ezarri ziren, bai eta interpretazio panelak ere, kanpoaldeko paisaia eta uhartetxoak dituen natura eta fauna baloreak azaltzeko.

Berton 25 landare-espezie aurki daitezke, gehien bat artadikoak: artea, gartxu hostozabala, gurbitza, ereñotza, zuhandorra...

Uharte honen ingurua oso leku interesgarria da paduretako ur-hegaztiak behatzeko. Izan ere, martin arrantzalea, lertxun txikia, lertxun hauskara eta ubarroi handia ikus daitezke. Barrualdera sartzen bagara ez dugu hedadura handiko artaditan aurkituko ditugun hegazti-espezie aberastasuna ikusiko. Halere, txonta, amilotx urdina, kaskabeltza, zozoa, txantxangorria, erregetxo bekainduna, arrano sugezalea, etxe txinboa eta txinbo burubeltza, besteak beste, ikusteko aukera egoten da.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.