Urdaibai Biosfera Erreserba/Etnografía

Gure Ohiturak [aurkibidera joan]

3. IHAUTERIAK (Garizuma aurreko egunak):

Hasteko esango dogu atal hau prestatuteko Gernika-Lumoko Udalak Gure Ohiturak izenagaz argitaraturiko lantxoan oinarritu gareala.

Ihauteriak ez dira Euskal Herrira bakarrik hedatzen. Mundu guztiak ezagutu izan ditu eta era berean bizi. Gaur egun ere ez dira gutxi jai hauek berpizten eta gaurkotzen dituzten herriak. Hauetatik bat Euskal Herria berau dugu.

Noizkoak ditugu ohitura hauek? Gizakia bezain zaharrak direla esatea gehiegi bada ere, bai gutxienez artzaintza arokoak. Beraz, historiaurretik bertatik datozkigu aztarnak.

Bilboko Historia eta Arkeologia Museoko Pedagogi Bulegoak Ihauterien inguruan txosten mardula argitaratu zuen. Horreetatik zenbait ideia atera eta hemen jarri ditugu.

Eguzkiak markatzen ditu artzainentzat mendietara edo ibarretara mugitzeko sasoiak eta era berdinean nekazarientzat uzta eta erein garaiak.

Eguzkia jarriko du aintzinako gizakiak guzti honen eragile. Eguzkia beharrezko da fruituak heltzeko. Eguzkiarengan jartzen du bizitza-indarra. Bera da garai hartakoentzat bizitzaren oinarri. Nortasun berezia hartzen du beste izaki guztien gainetik. Hala ditugu euskaraz ere -Eguberri- (eguzki berri) eta -Ekain- (eguzki gain). Neguko eta udako solstizioez ohartuko da. Bai bata eta bestea ere jai bereziz hornituko ditu.

Baina Ihauterien datu zehatzagoak Kristautasuna hedatu ondoren datozkigu. Kristautasunak, ohitura zaharragoari jarraituz, agian, Garizuma ezartzen digu. Une hau, era guztietako penintentzi, sakrifizio, zigor eta barauz osatzen da.

Batez ere barauz; barauak baitira Garizumako ekintzarik nabarmenenak. (-Haratuzteak- = haragi uzteak). Baina hain zuzen ere Garizuma aurreko unea Ihauteriek osatzen dute. Gizakiak bere gizarte konportaeran eta gizabanakakoen ere oreka bilatu nahirik, Garizuma aurretik, Ihauteriak antolatzen ditu. Ihauteri hauek Garizuma esanahiarekin kontrako ekintzez osatzen dira. Ihauteriak azken batez, Garizumaren zigorrak jasan aurretik, gizartearen eta gizabanakakoaren prestakizun psikologikoa baino ez direla esan genezake.

Urtaroaren muga honetan gizakia bere askatasunik zabalenean aurkitzen da. Badirui txantxetan edo adar jotze garaia dela, esan nahi duela hitz honek. Festa garaia agian. Festa garai honen klimaxa asteartez izaten da, ondoren hauts- -eguna dator eta berarekin Garizuma-.

Zentzu orokor honen barruan badaude, hala ere, desberdintasunak toki batzuetatik besteetara, eta baita baserri girotik herrietara ere. Gernika-Lumok multzo bietatik zerbait baduela esan genezake. Ikus dezagun zeintzuek izan diren gure herrian garai hoietako ohiturak.

Hasteko, Gernika-Lumon -Ihauteriak- barik -Aratoste- izenarekin ezagutzen ziren ospakizun hauek.

Quinquagesima aurreko igandez hasten ziren jaiak -Basatoste- izena hartuz. Mendira edo landetara joten zuten eta han janaria atondu arraultze, lukainka eta urdaiz. Ondoren erromeria egiten zuten.

Eguen zuri. Ihauterien barnean, batez ere haurrei dagokien eguna dela esan genezake. Gehienetan eta festa giroaren barne, haurrak etxez etxe joaten dira eskaerak egitera taldeka antolatuz.

Ondoren, bildutakoaz janaria antolatzen dute.

Aratoste domeka. Foruen Enparantzan kukaina-jolasa antolatzen zuten. Aratoste astelehenez eta asteartez ere antolatzen zen.

Asteartez, goizeko hamaikak inguruan, marroz jantzitako dantzariek aurreskua egiten zuten. Ondoren oilar-jokoa antolatzen zen.

Astearte arratsaldez musika-taldeak eta jendea kalez kale ibiltzen ziren Ohiturari jarraituz, egun horretan tostadak jaten zituzten.

Egunean, zorionez, arestian aipatutako aktibitate gehienak Gernika-Lumoko XXI. mendeko Ihauterien programaren baitan biltzen dira.

KARNABALAK (Gernika-Lumon)
Sei baso atara ta
sei tragotan hustu,
sei tragotan hustu,
beste sei edateko
inor behar ez du.
Edan korriente baina
pagatzea ahaztu,
Holan tabernerea
ezin aberastu,
holan tabernerea
ezin aberastu.

Pagatzen ez badezu
zor dokana niri,
zor dokana niri,
parte emango diot
zeladoriari.
Ez emon parterikan
zeladoariari,
astion pagako tsut
pitxer bat edo bi,
astion pagako tsut
pitxer bat edo bi.

Gau egun ez dira ezagunak (edo ez dira kantatzen) Gernika-Lumoko bertoko beste abestirik Ihauterietan. Baina eskoletan batez ere zabaltzen ari dira zenbait abesti egun hauek girotzeko eta, nahiz eta jatorriz beste toki batzuetakoak izan, txosten honetan bildu nahi izan ditugu batzuk.

ARTILLERO
Artillero dale fuego
Ezkontzen zaigula Pastelero.
Eta norekin, eta zeinekin?
Mokozikinaren alabekin
La la la la la la la...

IHAUTERIAK AMAITU DIRA
Ihauteriak amaitu dira,
goazen, goazen denok Udaletxera. (bis)

KOITTADUAK
Koittaduak, koittaduak,
Amaitu dira aurtengo Ihauteriak.

LA GON GON
La gon gon maria gono gon
txi-bi-ri-bi-ri gon gon (bis)
Bitoria bitoria
txi-bi-ri-bi-ri gon gon

Mundakan oso ihauteri edo aratuste bitxiak ospatzen dira, atorrak (gizonezkoen taldea) eta lamiak (emakumezkoen taldea) kalerik kale ibiltzen dira abesten.

Atorrak, urtero, Mundakan zeharrengo ibilaldia Jose Maria Egileorren etxetik abiatzen dute, bera izan baitzen Guda Zibilean eta diktaduraren urteetan ospakizun hau bultzatu zuen herritarretako bat. Honen etxearen aurrean eguneko lehendabiziko abestia jotzen dute, Aratuste izenekoa, alegia. Abestiaren letrak honela dio: “Aratuste zara, Aratuste, mundakarrentzat egun obarik ez”. Atorrak, berrehun bat pertsonez osatuta daude eta musika-tresna (hari-instrumentuak, soinuak zein panderoak) ugari jotzen dute herri turistiko honen hainbat kaletatik zehar doazen bitartean.

Atorrak goitik behera zuriz jantzita doaz, euren zuzendaria izan ezik, etiketa-jantzi beltzez baitoa. Mundakako kale desberdinetatik igarotzen dira eta derrigorrezko geldiuneak egiten dituzte. Geldiunen artean zaharren egoitza biak eta kale nagusia daude. Momentu honetan egunaren unerik politena egoten da, abesti desberdinak abesten dituztelako eta jakinminez betetako pertsona asko pilatzen direlako hor bertan. Musika-errepertorioa berrogeitamar abestiz osotuta dago, aurrekoen artean ondokoak egonik:

Urtero, aurreko urteekin konparatuta, berrikuntzaren bat egoten da.

Zuriz jantzitako lagun-taldea arratsalderaino aritzen da abesten kalerik kale. Portuaren kaiak eta “Los txopos” enparantza, zuzendaria zuhaitzetako baten igota, atorren atzenengo bi geldiuneak dira.

Jaiegun honen unerik txarrenak errepresioaren urteetan izan ziren. Denbora igaro ahala indartuz doa eta egunean bere unerik gozoenak ari da igarotzen.

Honen inguruan kontatzen den ipuinaren arabera atorren jantzi garbia -gona, bruza eta praka zuriak, burukoaren zorroa burutik eta zapi gorria- Antón Erreka herriko kontean erabili zuen lehendabiziz.

Aratusteak-azala-Lamiak

Edan beharreko baino gehiago edanda etorri zen pertsonaiak etxera heldu eta emaztearen azpiko gona gorria jantzi zuen konturatu gabe eta horrela atera zen kalera emakumearen haserralditik ihes egiteko. Auzokideek, lehen mailako agintearen beste asmakizunen bat zelakoan zeuden eta denak aritu ziren erromeria handi hori ospatu nahian arimen kanpaien soinuak entzun arte. Errekak, modu bitxi honetara, gerora Mundakako aratusteen jantzi tipikoa bihurtu dena, zabaldu zuen herritaren artean jantzi berezi hura.

Duela urte batzutatik ona, beste arrazoi bat gehiago dago jai hauetara joateko, emakumeen taldea, lamiak deitutakoa, alegia. Mundaka inguruan “sorginak” inoiz bizi izan baziren –ez ahaztu Mundaka eta Bermeoren artean Lamaiaran edo Lamien lekua deitutako parajea dagoela- hauen antzera joango ziren margotuta eta jantzita. Lamiak, atorrak bezala, Mundakako kaleak euren ahotsa eta musika-intrumentuz alaitzen aritzen dira.

Euren musika-errepertorioa oso zabala da eta, besteen artean, ondoko abestiez dago eratuta:

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.