Toki askotan bere ospakizunaren ohitura galdu ez dalako eta beste batzutan azken urteotan berpiztu egin dalako, Olentzaroren esaunda Busturialdea eta Euskal Herri osoan zehar zabalduta dago.
Nor da Olentzaro? Urte osoan mendi-basoan ikatza egiten dihardu Olentzarok. Beraz, Olentzaro ikazkina dogu. Baina bada urtean mendia utzi eta gure baserri eta kaleetara etortzen dan sasoia: Gabon arratsaldea. Eta etorri ere berri handia ematera: Eguzki berria jaio dala. Eguzki berriak esan nahi dau urte berri hasten dala, Gabon gaba igaro ondoren eguna luzatzen hasten baita. Eguzki berri hau kristauentzat Jesus haurraren irudia da, baina kristautasuna Euskalerrira etorri baino lehenago ere eguzkia jaungoikotasunaren errepresentazioa zan.
Olentzarok kristoren jaiotza, Eguzki berria eta Urte berria iragarten dizkigu. Horrexegatik etortzen da zuzia eskuan dauala, edo sua pizteko ota batzuk galtzarpean dituela: sua laister jaioko dan Kristo, Eguzki eta Urte barriaren sinboloa dalako.
Eta ez hori bakarrik, Olentzarok saku bete opari ekartzen dau gaztetxoen artean banatzeko.
Urtero aurkituko dogu, Gabon iluntzean, edozein herriko kale edo bidetan, bere ikatzez baltzitutako aurpegi lodi edo tripa handiarekin, -edatea eta jatea oso atsegin bai omen dau-, pipa muturrean dauela eta otzara gainean eserita.
Eta bere inguruan, gazte nahi nagusi, jente mordoak hauxe abesten deutso:
OLENTZERO, BURU HAUNDIA
Olentzero, buru haundia,
entendimentu gabia.
Bart arratsean,
edan omen du,
Hamar arruako zagia.
Ai, urde tripa haundia! (bis)
HORRA, HORRA
Horra, horra
gure Olentzero,
pipa hortzean duela,
eserita dago.
Kapoiak baditu,
arraultzatxoekin,
bihar merendatzeko,
sagardoarekin.
OLENTZERO JOAN ZAIGU
Olentzero joan zaigu,
mendira lanera.
intentzioarekin,
ikatz egitera.
aditu duanian,
Jesus jaio dala,
laisterka etorri da,
berri ematera.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.