Gorozika deituriko auzoa aurki genezake Muxikan. Izen toponimiko honen jatorria Gorotz da, Gurutzeren aldaera hain zuzen ere. Gurutzez arituko gara atal honetan. Mugape-gurutzeak eta kalbarioak landuko ditugu, biak ondo ordezkatuta baitaude Busturialdean. Honetarako, Balendin Lasuenek idatzi eta 1991n Bizkaiko Gaien Bilduman argitaratutako Cruces de Término en Bizkaia liburuan oinarrituko gara. Euskarazko prestaketa geurea da.
Urdaibain badira Gurutze berban jatorria duten izen toponimiko ugari, esaterako, Kurutzegana parajea (Kortezubi), Kurtzio parajea (Ibarrangelu), Kurtzigana mendia (Busturia), Kurtze mendia (Muxika), Gorozika auzoa (Muxika). Azken udalerri honetan, gainera, Ugarte Goiko auzoko baserri baten izena, Bidekurtze da. Bestalde, Mendatan Kalbario mendia dugu.
Baina zer da gurutzea? Elhuyar hiztegi entziklopedikoaren arabera "bi marrak elkarzut elkar ebakitzen dutelarik osatzen duten irudia, hainbat kulturatan esanahi desberdineko ikurra dena" da. Hiztegi hau egin dutenek ere badakite ikur horrek baduela eta izan duela mendeetan zehar esanahi berezia.
Askok pentsa dezake ikur hau kristautasunarena soilik dela, baina kultura desberdinen tradizioetan antzinatik oso sustraituta dago.
Mendeen poderioz hedatzen joan da, gizateriaren historiaren gertaera nabarmenetako bat gogoratzen baitu berak, Jesusen Pasioa eta Heriotza hain zuzen ere.
Gurutzea ikur eta kultu-objektu moduan hedatzearen ondorioz jabegoen mugak, herrietarako sarrerak eta bidegurutzeak gurutzeekin adierazten joan dira Erdi Arotik aurrera. Gurutzeok izen desberdinak hartu dituzte: mugape-gurutzeak, gurutzadurak, bideetako gurutzeak... Era berean, herrien historiako gertaera garrantzitsuren baten data edo Misio Santuren bat gogoratzeko ere harrizko edo metalezko monumentu-gurutzeak eraiki ziren.
Urteak aurrera egin ahala eta batez ere XIX. mendearen azken herenean mugape-gurutzeak desagertzen joan diren arren oraindik badira batzuk. Gaur egun, beraz, elementu etnografiko eta erlijioso horiek dituzten udalerri desberdinen ondare artistiko eta kultural baliotsua dira.
Urdaibain, zehatz eta mehatz, aipatutako ezaugarriak betetzen dituzten lau gurutze daude gaur egun: bi Foruan, Tolunburukoa, Tolunburu baserriaren aldamenean eta San Martinekoa, izen bereko parrokiatik gertu; bat Gernika-Lumon, Errenterin, izen bereko auzoan; eta, azkena, Mundakakoa, Kurtzio enparantzan, Mundakako hirigunean bertan. Denak, desberdinak badira ere, zalantzarik barik mantentzeko eta kontserbatzeko arreta berezia eskatzen duten elementu interesgarriak eta aipagarriak dira.
Beste era bateko gurutzeak kalbarioak dira. Hiru gurutzez osatuta dago, hiriguneetatik gertu dauden ez oso tontor altuetan kokatzen dira gehienetan eta Kristoren Pasioa adierazten dutenez fededunek, Garizuman eta Aste Santuetan batez ere, egiten zuten Gurutze-Bidearen hamabigarren Egotaldia osatzen dute. Osatzen dituzten hiru gurutzeak Jesus eta Berarekin batera gurutziltzatu zituzten bi lapurrak adierazten dute.
Kalbario hauen itxura oso desberdina da, segun eta noiz eraiki ziren.
Urdaibain ondoko kalbarioak daude: Arratzukoa (Arratzu), Eakoa (Ea), Gernika-Lumokoa (Gernika-Lumo), Ibarrurikoa (Muxika) eta Basondokoa (Kortezubi). Azken honek, halere, ez du arestian aipatutako ezaugarrietariko bat betetzen, ez baitago tontor batean, Basondoko haranaren hondoan baino.
Ondo bereiz daitezke antzinako kalbarioak eta mende honetan eraikitakoak.
Antzinakoenetan hiru ezaugarri adierazgarri daude erdiko gurutzean. Bat, alboetakoak baino handiagoa dela; bestea, erliebean landutako Pasioaren ezaugarriekin oso apainduta dagoela eta, hirugarrena, muturretan bukaera geometrikoak edo lore handiak dituztela, gehienetan sekzio erronboidea edo lau angeluarra.
Erdiko gurutzean grabatuta gehien agertzen diren elementuak ondokoak dira: INRIren baldatxoa, arantzadun koroa, iltzeak, lizifrinaren zutabea, eskailera, oilarra, tenazak, mailua, latigua, lantza... Batzuetan, aurrekoekin batera, eguzkia eta ilargia, bakoitza gurutzearen alde baten, agertzen dira.
Hegaletako gurutzeak tau erakoak dira eta ez dute inolako apaingarririk, nahiz eta batzuetan irudi geometrikoren bat izan dezaketen besoen bukaeran edo alaka eran jarritako apaingarriren bat aurrealdean.
Basondokoa (Kortezubi) eta Ibarrurikoa (Muxika) tipologia honetakoak dira. Aurrekoan, gainera, hiru gurutzeak harlauzan eginda daude.
XX. mendean eraikitakoak erabat leunak dira. Ez dute inolako apaingarri berezirik eta hiru gurutzeak latindarrak dira. Gehienetan, Gurutze Bidearen Egotaldi guztien gurutzeak erakusten dituzte, antzinakoetan ez bezala, zeren eta erabat edo ia erabat desagertuta daude. Mota honetakoak dira Arratzukoa (Arratzu), Eakoa (Ea) eta Gernika-Lumokoa (Gernika-Lumo). Arratzuko eta Gernika-Lumoko Gurutze-Bideak Parrokia-Eliza dute hasiera, eta bidegurutzean eta Santo Tomas elizan, hurrunez hurren, dute amaiera. Eakoa, berriz, portuan hasi eta Talako Ama ermitan du amaiera.
Ibarrurikoa, oso egoera kaskarrean badago ere, artistikoki aipagarriena da seguruenik. Gernika-Lumokoa, oso garaikidea bada ere, bere lantzeko eragatik da garrantzitsua.
Mugape-gurutzez eta kalbarioz aparte beste erabateko gurutzeak ere badaude Urdaibain.
Lehen mota honetan, mendien tontorrean kokatutakoak dira. Gailurraren kokapen zehatza adierazteko, Oiz mendikoa (Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz) eta Armendua mendikoa (Ibarrangelu) esaterako, zein gertaera historikoren bat oroitzeko, Gorozikakoa (Muxika) adibidez, erabili dira. Oso gurutze arruntak dira eta ez dute beste inolako garrantzirik adierazi nahi dutenaz gain.
Bigarren mota, ermitaren bat egondako lekuan jarritakoak dira eta horren berri ematen dute hain zuzen ere. Ez da honelakorik Urdaibain.
Hirugarren, eta azkena, aurreko multzoetan sartzen ez direnak dira, eta Urdaibain bi daude. Bata, Mendatan, Albiz auzoan dagoen Albizko Jauregia, oraintsu eraikitakoa eta Galiziako mugape-gurutze baten kopia dena eta, bestea, Mundakan, Txorrokopuntan dagoena.
Esanahi erlijiosoa duten gurutzeak beste leku eta era askotan aurki genitzake. Zintzilikario moduan edota ateetan, hormetan eta etxeen sabaietan ere sarri askotan ikusiko ditugu zaindari eta objektu beneragarri moduan.
Amaitzeko esan, Euskal Herrian osoan eta, beraz, Urdaibain, jatorri eta esanahi ez oso ezagunak dituen gurutzearen beste adierazpide posible bat dugula, lauburua edo euskal gurutzea alegia.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.