Bigarren karlistadaren garairaino (XIX. mendea) Bizkaiak bere buruaren babes militarraren ardura zuen. Kostaldearen zaintza ere bere esku zegoen. Itsasotik etor zitezkeen balizko arerioei aurre egiteko itsas kanoitegiak eraiki zituzten XVII. mendean. Busturialdean horrelako eraikinak izan ziren, baina, zoritxarrez, horietako batek ere ez du iraun gaur egunera arte. Nora aldizkariaren 31. zenbakian (2010eko abuztua) Bizkaiko Jaurerriaren Itsas Kanoitegiak izenburupean Antton Arrietak idatzitako artikuluan oinarritu gara artikulu hau prestatzeko.
Lege Zaharrean bizkaitarrok geure lurraldea defendatu behar genuen. Alderdirik ahulena itsas bazterra zen, arerioak edonoiz agertu ahal ziren eta. Gaztelako edo Espainiako erresuma munduko edozein tokitan gerran hasten bazen, zeharka bada ere, eragina zuen Bizkaiko kostaldean. Herritarrek arrotzen balizko lehorreratzeak zapuzteko prestakuntzei ekin behar zizkieten. XVII. eta XIX. mendeen artean, beldur ziren, unean uneko gerrak zirela-eta, frantsesak, ingelesak eta holandarrak Bizkaira noiz helduko ote ziren.
Garai hartan ohikoa zen herrietan urtean behin alardeak egitea, gizonak bildu eta armetan trebatzeko. Baina gerra garaietan, Diputazio Orokorrak araudia onartu eta herriei igortzen zien, bete zezaten. 18 eta 60 urte bitarteko gizon guztiek, nork bere herrian, fusil eta baionetaz armaturik, 50 laguneko konpainiak osatu behar zituzten. Konpainia buru, kapitaina. Trebakuntza saioak jai egun guztietan egin behar zituzten, arriskuak iraun bitartean.
Horrez gain, kanoitegien eta kanoien egoera aztertu eta bolboraz, jaurtigaiaz eta bestelako tresnaz hornitu behar zituzten. Artilleroak lekuan lekuko herritarrak ziren. Kostaldeko hainbat lekutan talaiariak jartzen zituzten arerioen etorrera zelatatzeko: Burgoa (Bermeo) eta Ogoño (Elantxobe) –informazio gehiago www.urdaibai.org-. Talaiariek bandera batez eta hiru ke-adarrez osatutako kode zehatza zuten eta horren bidez jakinarazten zuten itsasontzi bakarra ala multzoa zen, noranzkoa, urruti ala gertu zebilen...
Horrelakoetan, Diputazio Orokorrak gizon multzoa –mila bat- kostaldera bidali ohi zuen, gainerako herritar armatuak herrietan geratzen ziren bitartean. Herrietako konpainiek nora jo ere araututa zegoen eta, oro har, beti toki bera izaten zen. 1779an, hauek ziren bilguneak Urdaibain: Bermeo, Mundaka, Elantxobe eta Ea.
Eraikinak izendatzeko bi hitz horiek darabiltzate agirietan. Gaztelutxo, askotan inguruko horma batez itxita zeudelako. Horrelako, kanoitegia gotorleku bihurtzen zen, baita arkitektura aldetik ere.
Bilboko Udalak eraikiarazi zituen lehendabiziko kanoitegiak, XVII. mendean, balizko arerioei itsasadarra ixteko, ibaiaren bi aldeetan. Handik gutxira, Bizkaiko Jaurerriak berak hedatu zituen kostalde osora, baita mantentzea bere gain hartu ere.
Lehen kanoitegiak non eraiki erabakitzerakoan, itsasoaren mailan egotea (kaietan, hondartzetan…) hobetsi zuten, tiro zuzenak egiteko. Baina bertakoen ontzietan sor zitzaketen kalteak ikusita, eta arerioak lehorreratuz gero defendaezinak zirela jakinda, itsas kanoitegiak labarretako goialdeetara eraman zituzten (XVIII. mendea). Kanoien hobekuntzek eta tiro eliptikoaren luzerak ere zerikusia eduki zuten lekualdatzean.
Kanoitegiek gutxienez karela, kanoi-zuloekin, eta tresnak, bolbora eta jaurtigaiak gordetzeko estalpea behar zituzten. Biltegirako, ez bazen bertan propio egindako etxerik, ondoko beste eraikinen bat (baselizak, askotan) erabiltzen zuten. Gotorlekuaren artean maila jasoagokoak ere baziren, inguru osoa hesiturik eta, noizbait, lubanarroz itxirik. Artilleroentzako aterpea ere egoten zen, gehienetan. Karelen goialdeak eta kanoi zuloen ertzak kareharrizko harlanduzkoak izaten ziren, eta horrelakoxeak dira gaur egunetara heldu direnak. Kanoi-zuloetako behegainak, berriz, harlauzazkoak.
XIX. mendearen hasieran gorabehera handirik gabe iraun zuten Jaureriarren kainotegiek, baina lehen karlistadan (1833-1839) karlistek kanoitegi berriak eraiki zituzten, liberalen itsasontzien suari aurpegia emateko. Aurrealdea babestuagoa zeukaten. Joera hori bigarren gerran (1872-1876) areagotu zen, kostaldeko herriak liberalen ontziditik babestearren (Mundaka eta Bermeo).
Horrela, bada, Santa Katalina ermitaren aldamenean, antzinako oso aldatutako gotorleku baten aztarnak ikus daitezke, Santa Katalinako Gotorlekua alegia. 1832an, Lehen Guda Karlista baino urte bete lehenago, Jaurerriko Foru Aldundiari esaten zaio teilatua konpondu beharra duela “donde está depositada la pólvora y para que consienta que mientras las obras se realicen se traslade interinamente a otro punto cercano y seguro para que la guardia de cinco hombres, que de día y noche mantienen en él puedan encender fuego y hacer sufrible la fatiga de la actual estación de invierno, socorriéndoles, además, con cuatro cuartas de aguardiente, luz y leña necesarias. Se dispuso que la pólvora pasara de la ermita de Santa Catalina al archivo que la anteiglesia tiene en su parroquia de Santa Maria, donde permanecerá hasta que la Diputación resuelva lo conveniente”. 1833an, guda hasita zegoenean, Santa Katalinako gotorlekuan Artilleria zuzentzeko ofizial desberdinak izendatu ziren. Era berean, ondokoa adierazten da: “que no estaría de más que la Diputación se sirviera reconocer, a través de inteligente, las baterías de este fortín, para asegurarse de si están servibles y evitar desgracias”. Gotorleku honek bi kanioi zituen. Guda Zibilean, segurenez, beste erabilpen bat izango zuen.
Bigarren karlistadaren ondoren Hegoaldeko herrialdeetako foruak ezabatu zituzten eta, ondorioz, Bizkaiko mugen zaintza Espainiaren armadaren esku gelditu zen. Haren mendean gelditu ziren kostaldea zaintzeko gotorleku guztiak.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.