Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Zerbitzu eta azpiegitura-arkitektura » Probalekuak eta frontoiak

Ekintza ludikoekin erlazionatutako azpiegiturak Busturialdean eta inguruan aurkitzea nahiko erraza da. Ikuspuntu arkitektonikotik interesgarrienak zalantzarik gabe probalekua eta frontoia dira. Eskualdeko udalerri guztietan gutxienez frontoi bat eta batzuetan bat baino gehiago. Probalekuen banaketa ez da hain erregularra. Ugariago barnealdeko udalerrietan eta auzoetan, eta gutxiago kostaldekoetan. Honek, animalien bidezko arraste-probek eta pilota-partidek inguruko biztanleen artean duten jarraipena erakusten du.

Baserria mendeetan zehar unitate ekonomiko autarkikoa zen. Bere biztanleek jaten zuten guztia baserrian sortzen zen. Garraio-biderik ez zuten barreiatutako herrixken artean ez zen elkartruke-komertziorik egiten. Bertan beharrizan guztiak asetu behar ziren eta, beraz, bere funtzionamendu egokirako lan aproposak egin behar ziren. Oso bizitza neketsua zen, egunsentian hasi eta iluntzean amaitu.

Landa-finka horiek orduan –gaur egun ez horrenbeste- lau ekoizpen- eta zerbitzu-sektore zituzten: mendia, laborea, abereak eta etxea. Jabeak edo errentariak lan desberdinak egin behar zituen erregaia edo eraikuntzarako materiala izango zen egurra ebaki, abereen bazkarako belarra moztu, animaliak jetzi, labore-lurrak ongarritu, ortua landu, materialak garraiatu idi-gurdian.

Gernika-Lumoko Lorategieta auzoa
Gernika-Lumoko Lorategieta auzoan
kokatutako probalekua.

Pertsona horientzako igandeetako aisialdia astean zehar derrigorrez egin behar zituen lanak kirol bihurtzea zen. Eta horrela lehiatzen zen bera bezala, beste eginkizunen artean, lurra lantzeko tresnen edo bestelako materialen (egurra, belarra edo harria) garraioa, bera bezain ondo egiten zituzten auzokideekin. Aurreko material hori, aisialdiko aktibitateetan harriak ordezkatzen du.

Harria nahiko arina denean gizonezkoa edo emakumezkoa lepora altxatzen aritzen da. Baina bere pisuak baimentzen ez duenean zoru sendoaren gainetik tiraka arituko da. Horretarako bere indarra, edo bere lagun-talde baten indarra, edo eta bere etxeko abereen trakzio-indarra baliatuko du.

Probalekua

Harriaren arraste-lehiaketa gertatzen den lekuari, hau da, arraste-plazari Probaleku deritzo. Gaur egungo Probalekua kirol-instalakuntza modernoa da, harea-geruzaren gainean presiopean jarritako errekarriak dituena. Horrela lortutako azpiegitura koadro-itxurako lau zatitan banatzen da. Zati bakoitzaren luzera zazpi metrokoa da. Azpiegituraren luzera osoa 28 metrokoa da eta horri untze deritzo.Harriaren oinarria zapala denez idi-demek, asto-demek, zaldi-demek eta gizon-demek indar handia egin behar dute harria mugitzeko.

Probalekua eta arrasterako harri desberdina
Probalekua eta arrasterako harri desberdinak
Bermeoko Mañu auzoan.

Instalakuntza-mota honen banaketa Busturialdean eta inguruan irregularra da; kostaldean urri eta barnealdean gehiago, landa-eremu gehiago dagoelako eta kirol hauek sustraituago daudelako. Edozein kasutan ere, eskualde honetan Mungialdean baino askoz ere probaleku gutxiago dago, azken eskualde horretan landa-mundua garrantzitsuagoa delako eta itsasoarekin lotura txikiagoa duelako.

Hainbat lekutan probalekuak daude: Arrieta, Gernika-Lumo, Mendata, Muxika, Morga, Nabarniz, Forua, Busturia, Bermeo (Mañuas eta Almika), Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz.... Orokorrean, euren garrantzirik handiena etnografikoa da. Bertokoak eta oso antzinakoak diren kirol-aktibitateak aurrera eramateko guneak dira eta, neurri batean, profesionalizatuta daudenak, apustu eta guzti.

Probaleku zaharra
Probaleku zaharra, frontoiaren
aldamenean,
Morgako Meakaur auzoan.

Frontoiak

Bestaldetik, objektu esferikoa botatzearen ekimen ludikoa gizakiaren bizia bera bezain antzinakoa dela dirudi. Edozerk balioko zukeen horretarako. Esfera, hots, bola, makila edo kuboa baino askoz ere sarriago erabiltzen da jokoetan. Gizakiak zuntzak, kautxoa edo animalien artilea era egokian erabiltzen hasten denean bere aisian erabiltzeko objektu nahiko arina eta saltokaria lortuz. Hori izango zen pilotaren hasiera.

Lehen, antzinako Egipton, Grezian edo Erroman pilotatan jolasten zen kaleetan, enparantzatan eta zelai zabalean. Oraintsuago, XIV. mendetik aurrera, Frantzian, bera praktikatzeko eremu ugari eraikiko dira. Jolasgune hauen izena Tripot izango da. Estatu espainiarrean Trinkete moduan ezagunak izango dira eta jokoari berari Pelotaren Jokoa deituko zaio. “Jeu de Paume” –pelota-joko zehatza- deiturikoa Frantziako Iraultzaren ondoren, Europan eta Amerikan, praktikatzen hasi zen, garai bateko trinkete eta gaur egungoen arteko jolasguneak zirenetan. XVI. mendetik aurrera, esan dezakegu pilota ulertzeko eta pilotara jolasteko era berri bat jaio zela. Frantzian erraketarekin jarraitzen zuten bitartean pilotaren euskal jokoan eskuz jokatzen jarraitzen zuten. Pilotaren jokoan, denborarekin, espezialitate desberdinak garatu dira. Gaur egun, Amerikan, Europan zein Asian praktikatzen da.

Praktikatzen den pilota-espezialitatea praktikatzen dela horretarako gune egokia izatea ezinbesteko da. Gune hori zerbait finko bihurtzen denean Frontoi izena hartuko du. Azpiegitura hau, bere egitura fisikoan egondako aldakuntzak gorabehera, kokatzen da eraikin publiko eta monumentalak dauden tokian: elizan, hilerria edo udaletxea. Horrela, komunitatearen aisialdi zein erritorako multzo baten zatitzat har daiteke.

Nabarnizko frontoia
Nabarnizko frontoia Elizako frontoia
deitutakoaren adibide egokia da.

Frontoia, beraz, euskal jaien gune garrantzitsua da. Zentzu honetan, oinarrizko ezaugarriak betetzen ditu: Lehena, hiri-izaera da. Euskal Herriko gainerako jokoen aldean, jokorik zaharrena ez da baserri girokoa eta ez dauka zer ikusirik lankideekin. Bigarrena, bere izaera publikoarekin du zerikusia. Eliza eta hilerriarekin harreman estuetan egonik, ez du bakarrik euskal plaza berezi bat osatzen, batzuetan herrietako hirigintza ehunduraren antolamendua eratzen baitu. Frontoia, hiriko bizitzaren esparrua eta kolektibitatearen astialdirako gunea, elizaren eta hilerriaren arteko lotura da herri askotan; horrez gain, eraikin garrantzitsuen (eliza, udaletxe, hilerria) eta etxebizitza, baserri edo ekoizpen eraikinen arteko harremanak hezurmamitzeko gune arkitektonikoa izaten da.

Gune publiko honek gizarte bizitza eta horren aldakuntzak biltzen ditu, kolektiboa delako, bai pertsonei bai aisialdiko jarduerei dagokienez. Eta horretan topa dezakegu beraren hirugarren baldintza berezia, pilotalekuak duen izaera irekia. Ez da joko egiteko esparru itxia, Europako tokirik gehienetan Jeu de Paumme izan zen bezalakoa, herriko gune irekia baino. Agian horrek justifikatu eta azalduko du euskaraz duen izena: Plaza. Ezin da hirigintzako arloan zehaztasun handiagorik eskatu.

Frontoi-Plaza hau euskal pilotalekuaren eta beraz Urdaibaiko prototipotzat har daiteke. Honen adibide egokia Arrietakoa izan daiteke.

Plazan betetzen duen leku eta zereginari jarraituz, frontoien tipologia desberdinak ageri dira, betiere hirigintzako antolamendua egituratzen duen beste eraikinei dagokienez.

Beharbada, tipologiarik zaharrena Elizako Frontoiena da, hau da, elizaren hormen edo horma-bularren zati diren pilotalekuena. Honen adibide ederrak Ajangizko zaharra, Bedarona (Ea), Mundaka, Murueta, Kanala (Sukarrieta), Elantxobe eta Nabarniz izan daitezke. Beste kasu batzuetan udaletxeko hormen zati dira.

Elizpeko arkupeak eta udaletxe azpiko kontzejupeak sarritan oso ederrak eta bitxiak diren arren, gehienetan ez dute plazako frontoien hirigintzako kalitaterik.

Arrietako Libanoko frontoia
Arrietako Libanoko frontoiak plazaren
espazioa mugatzen du.

Horma-motak eta plazaren barruan betetzen duen zereginak beste tipologia batzuk zehazten dituzte Frontoi-Plazaren tipologiaren barnean.

Normalean frontoiaren hormak, elizaren hormak hilerriraino luzatzen dituenak, plazaren espazioa mugatzen du, adibidez Libano (Arrieta). Edo plazaren jendaurreko espazioa babesten du ipar haizetik. Edo muinoa eta aldatsa mugatzen ditu, adibidez Ereñoko frontoi zaharra (gaur egungo probalekuaren lekuan zegoen). Edo ibaitik jagoten du, plaza zubira bilduz. Edo itsasotik Eako Kale Nagusikoa adibidez.

Halaber, badira Plazaren Muga Zehazten duten Frontoi-Hormak, astialdiko plazaren multzoa definitzen dutenak.

Kortezubiko frontoia
Kortezubiko frontoia Plazari Eusteko Frontoi-
Horma motaren adibide ona da.

Beste kasu batzuetan, frontoiaren hormek gure herrietako orografia aldapatsua konpontzen duen espazio horizontala osatzen duten obra publikotzat hartu behar dira. Mendiari irabazitako espazioari eusteko hormak dira, hau da, goiko elizatik baserrietara sartzeko bidea zehazten dutenak. Plazari Eusteko Frontoi-hormak dira. Plazako frontoi hauen tipologiaren barruan aipatu beharrekoa da Kortezubikoa.

Frontoien neurriek pilotalekuak, oro har, herrietako gune urbanizaturik garrantzitsuenak izatea dakarte. Horregatik, non koka daitekeen alde batera utzita, frontoia beti izango da plaza.

Baina antzinako pilota jokoen luzerak (100 m) eta galdutako piloten arriskuak ekarri zuten frontoi-plaza hauen kontrakantxan arbolez beteriko ibiltokia ezartzea. Babes ibiltoki honek elizatik hilerrira hiletetan eta prozesioetan joateko ibilbidea osatzen zuen, baita ere gazteek jokoari jarraitzeko erabiltzen zuten gunea, gurasoek umeak jagoteko gurasoen esparrua, ikusleen itzala erronka handietan... Bitxia da horrelako ibiltokietan askotan zumarrak ikusi ahal izatea. Arrietan eredugarria den ibiltoki-taxuera hori beste herri batzuetan ere erabili zen, herriko ibiltokiari frontoia erantsiz. Honen adibideen artean hauek ditugu: Ibaeta (Ibarrangelu) eta Kale Nagusia (Ea). Horrelako pilotalekuei Ibiltokiko Frontoi deitu ohi zaie, terminologia klasikoari jarraituz.

>Ibarrangeluko antzinako frontoia
Ibarrangeluko antzinako frontoia, Ibaetan,
Ibiltokiko Frontoi deitutakoen artean sartzen
da.

Ibiltokiko Frontoiaren beste aldaera bat Bidegurutzeko Frontoia da. Herriko irteeran dago frontoia, beste herri batzuetara doazen bideen gurutzagunean, elkargunean. Agian, lehenago garia jotzeko larraina edo uharka egon zen lekuan. Batzuetan, txakolina egiten zeneko baserri bati deutsola ageri da, baina beste hainbatetan frontoia besterik ez dago. Bizkaian kokalekurik ederrenetarikoa duen frontoia, Meakaurekoa (Morga) da, Bidegurutzeko Frontoia da. Puntu honetara ailegatuta, gogorazi beharra dago “Agur Jaunak” kanta pilotazaleen abestia dela. Izan ere, ohitura izaten zen beste herri batzuetako pilotari eta pilotazaleei partiduaren ostean laguntzea mugaraino edo bidegurutzeraino. Bertan kanta hori kantatuz egiten zitzaien agur.

Morgako Meakaur auzoko frontoia
Morgako Meakaur auzoko frontoia Bizkaiko
kokalekurik ederrenetarikoa du.

Kanpoaldeko Frontoiak deitutakoak ere badaude. Ez dira besterik gabe urrun dauden frontoiak eta plazaren funtsezko zeregina betetzen dutenak. Jokorako tradiziozko lekuak dira eta bertan frontoi bat azaltzen da. Beharbada, garia jotzeko larrainak, larre komunalak edo jaiak erromeriak egiteko tokiak izaten ziren. Errigoiti Kanpoaldeko Frontoiaren adibidea da. Horien aldaera bat muin baten tontorrean kokatzen diren frontoiak izan daitezke, adibidez, Muxika.

Beste herri batzuetan gertatzen denaz bestaldera, euskal plaza ez dago eraturik iturri, arbola edo monumentu baten inguruan, ezpada frontoiaren hutsunearen inguruan; horrela, hutsune hori euskal herri askotan gizarte bizitzarako esparrua izaten da. Hirigintzaren aldetik duen garrantzia da Plaza-Frontoiaren balio nagusia, beraz. Pilotalekua bere ingurumaritik aterako balitz, herriko eraikin irekiaren izaera kendu eta objektu bihurtuko balitz, horrek ez luke ekarriko askatasun arkitektonikorik, hutsaltasuna baizik.

Elantxobeko frontoia
Elantxobeko frontoia interesgarria da
orografian sortzen diren desnibelei aurre
egiten dielako euste-horma funtzioa hartuz.

Gaur egun, horixe da Frontoi-Kiroldegi Itxien joera; izan ere, herritarrei zuzendutako aisialdiko helburua egokiro betetzen duten arren, herri jaiaren testuingurutik kanpo geratzen dira.

Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia estalita dago eta erabilpen anitzak ditu. Halere, oso garrantzitsua da ikuspuntu arkitektonikotik.

Orain arte aipatutako frontoiek hirigintzaren, arkitekturaren edo gizartearen aldetik garrantzia dutenez tradizio pilotazalearen monumentutzat har daitezkeenak dira.

Aurrekoekin batera eskualdean nolabaiteko garrantzi historiko-artistikoa duten beste frontoi batzuk aurki daitezke: Ibarruri (Muxika), Altamira eta Axpe (Busturia), Jainko (Arrieta), Eskola Zaharrak (Gernika-Lumo), Mendata, Padura (Sukarrieta).

Gainera, estalitako beste frontoi batzuk daude: Santanape (Gernika-Lumo), Artza (Bermeo), Ajangiz, Ibarrangelu, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Forua...

Gernika-Lumoko Jaia Alai
Gernika-Lumoko Jaia Alai frontoia
frontoi estalia da, baina garrantzi
artistiko handia du.

Gogoratu beharrekoa da euskal arkitekturako jatorrizko bitxi hauek Derrigorrean Jagon Beharreko Eraikinak direla. Era berean, aldarrikatu behar da interes kultural eta historiko handia duten frontoi hauei behar adineko arreta eskaini behar zaiela jagon eta zaintzeko jarduketak egitean; izan ere, monumentuen izaera ez badute ere, horiei balio oinarrizkoetarik batzuk dituzte. Zalantza izpirik ere ez dago gaur egun inoizko frontoi-kopururik handiena daukaguna; hala ere, instalazio hauetako alderdi kualitatibo guztiak jagon beharrean gaude, betiere euren tradiziozko izaerari eutsiz, zeren eraikin-mota hauek baitira euskaldunon antzinako jaietako antzokia, gure nortasunaren zantzurik adierazgarri eta berezienetariko bat eta nazioartean gehien ezagutzen denetariko bat.

Frontoien inguruan gauza gehiago jakiteko Bizkaiko Frontoiak deituriko argitalpena irakurtzea komenigarria da. Aurreko hori eta Gure Herria-Juegos y Deportes del País Vasco atal honen bizkarrezurra eta mamia osatzen dute.

Amaitzeko esan, artikulu honetan gertatzen den legez, errealitatean ere, zenbait kasutan, probalekuak eta frontoiak bata bestearen aldamenean izaten direla, Kortezubin eta Mendatan esaterako.

BIBLIOGRAFIA

+ AGIRRE, Rafa. Juegos y deportes del País Vasco. Editorial Kriselu, Donostia-San Sebastián, 1989.

+ Aldaba Aldizkaria. El frontón Jai Alai se moderniza. 147-148 zbkia, maiatza-uztaila, Gernika-Lumo, 2007.

+ Aldaba Aldizkaria. La cesta vuelve a alegrar Gernika. 154 zbkia, uztaila-abuzta, Gernika-Lumo, 2008.

+ BARRIO LOZA, José Ángel y otros. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia. Diputación Foral de Bizkaia y Deustuko Unibertsitatea-Deiker, Bilbo, 1990.

+ KALETAR y GONZALEZ ABRISKETA, Olatz. Bizkaiko Frontoiak. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2001.

+ PRADO Antúnez, Ana Isabel. Bizkaiko Herrien Monografiak. Bermeo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.