Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkeologia

PORTUONDOKO BADIAKO (SUKARRIETA, MUNDAKA) ERROMATAR PORTUA

1986an, Foruako Erromatar Herrixkako arkeologo-taldeak Urdaibain zehar egindako arkeologia-azterketetan erromatar garaiko zeramika-lanak aurkitu genituen Portuondoko badian, Sukarrietako eta Mundakako udalerrien artean. Lehendabiziko aztarnak Portuondoko haitzaren hego maldan agertu ziren, Bilbo eta Bermeo arteko trenbidearen zubiaren eta lurmutur txiki honen puntaren artean, hain zuzen ere. Kostaldeko harkaitzezko hormaren eta itsasaldien pean dagoen gunean aurkitutako zeramika zati ugariz eratuta zegoen. Gaur egungo Aroaren lehenengo gizaldietan (K.o.-ko I. eta III. gizaldi artean) dataturiko zeramika hauek olatuek garbitu eta borobildu zituztenez nahiko hurrekoak izan behar zutela ondorioztatu genuen. Bilaketa zehaztasun handiagoz egin eta gero zoruan aurkitutako aztarnekin eta eraikin bat ixteko erabilitako hormarekin lotutako erromatar-kronologiako geruza aurkitu genuen aurreko leku berdinean baina apur bat gorago.

Ana Martinez Salcedok eta Mikel Unzuetak egin zituzten 1988ko urriaren hasierako egunetan indusketa-lanak. Orduan, gela baten egituraren hondarrak aurkitu zituzten. Bakarrik gelaren barrualdea zegoen, beste guztia itsasoaren indarrak deseginda zegoen eta. Era berean, beste era bateko aztarna arkeologikoak identifikatu zituzten badiaren hondoan, batez ere bi metro lodi zen kareharrizko harlanduzko kai-muturra.

Sukarrietako parkean ipini den panela
Sukarrietako parkean ipini den panela. Bertan, Busturialdean kokatutako asentamendu erromatar, prerromatar eta estelarik garrantzitsuenak erakusten dituen panela jarri da

Berreskuratutako material arkeologikoak K.o.-ko I. eta III. mendeen arteko zeramika-aztarnak izan dira, Foruko erromatarren Herrixkan dokumentatutakoen antzekoak, hain zuzen ere. Aztarna huek egunerokotasunaren lekuko ziren eta ingururik gertueneko nekazal-, abeltzain- eta mehatz-baliabideekin lotuta daude.

Baina, Portuondoko badiaren garrantzirik handiena hauxe litzateke: Bermeoko erromatar portutik abiatuta itsasontziak, gabarrak kasu honetan, badiak iparraldeko haizeetatik eskaintzen zien babesa aprobetxaturik itsasadarrean zehar Forua bezalako goiko kokalekuetara joatea. Honela, komertzioa baimentzen zuten itsasadarraren zehar. Portuondotik gora itsasadarraren sakonera txikia dela eta Kantauri zehar kabotaje-ontzi komertzial erromatarrek, hots, Corbita izenekoek, ezin izaten zuten aurrera egin. Hori dela eta, sakonera txikiagoa eskatzen zuten eta bihurka doazen antzinako itsasadarraren meandroetatik arazorik gabe ibiltzen ziren ibai-gabarrak erabiltzen zituzten.

Portuondoko Badia
Portuondoko Badia. Lehen planoan jarritako paneletariko bat.

Portuondo, atrakaleku txikia eta babeslekua, itsasadarraren alde honetan babestea eta komertziatzea baimentzen zuen, aurkitutako aztarnek erakusten dutenez. Sukarrietako gune honetako indusketek arestian aipatutako Portuondoko Puntan aurkitutakoaz gain zeramikazko ondoko beste material hauek aurkitu ziren: anfora-zatiak eta mahairako edo eskaratzarako zeramika-erromatar zatiak, Txatxarramendi irlaren eta kostaren artean. Era berean, jakin badakigu Sukarrietako tren-geltokian eta ToƱan erromatar txanpon batzuk berreskuratu direla. Gure aldetik, 1988an, zenbait zeramika erromatar-zati bildu genituen kanposantuaren ondoko ezpaldan, bai eta aurreko ezpaldaren eta Bermeorako errepidearen artean egin ziren etxeak egiteko beharrezkoak izan ziren lur-mozketatik sortutako materialak pilatzeko obra-hondakindegietan ere. Aurkitutako aztarna guztiek argi eta garbi erakusten dute badia hau eta bere ingurua egungo Aroaren lehendabiziko gizaldietan kokaleku, komertzio eta komertzio erromatarraren babesleku moduan erabili zela.

Portuondoko Badia Txatxarramenditik ikusita
Portuondoko Badia Txatxarramenditik ikusita. Lehenengo planoan bertan jarritako panela dago.

Duela gutxi, portu erromatarra eta bertako aktibitate komertziala nolakoa izango zen erakusten duten hiru panel informatibo kokatu dira. Lehena, Portuondoko badiaren gainean, trenbidearen ondoko lorategian; bigarrena, Txatxarramendiko irlaren ontziralekuan eta, azkena, Busturialdean kokatutako asentamendu erromatar, prerromatar eta estelarik garrantzitsuenak erakusten dituen panela jarri da Sukarrietako parkean.

Mikel Unzuetak idatzitako artikulua eta Urremendi-Busturialdeko doako aldizkarian (7. zbk, 2007) argitaratua.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.